Atzo arratsaldean, agerraldi bat egin zuten Lekarozen (Nafarroa) ehunka pertsonak, Aroztegiko obren aurkako protesten harira auzipetutako lagunen egoera salatzeko. Guztira, zazpi pertsona seinalatu dituzte prozesu judizialean, eta zigor altuak eskatu dituzte haien kontra: denera, hogei urteko kartzela-zigorrak eta 56.000 euroko isunak jarri nahi dizkiete.
2021eko apirilean izan ziren Aroztegiko proiektuaren aurkako protestak. Bertan kanpatu zuten hainbat eta hainbat pertsonak, Palacio de Arozteguia SM enpresak martxan jarri nahi zuen proiektuari ezetz esateko. Luxuzko 228 etxebizitza, golf-zelai bat eta hotel bat eraiki nahi zituen enpresak.
2021ean, bat-batean eraman zuten proiektu hori eraikitzeko makineria Aroztegira, baina lanak geratzeko asmoz kanpatu zuen bertan jende andanak. Atzo gogorarazi zutenez, modu horretan lortu zuten obra geratzea. Palacio de Arozteguia SM, TEX eta Queipo SM enpresak "etxera bidali" zituzten.
Guztira zazpi lagun auzipetu zituzten protesten harira, eta akusazio larriak egin dituzte euren kontra: "talde kriminal antolatu bat izatea" egotzi diete, baita "derrigortze- eta bortxa-delituak egitea" ere.
"Guk argi dugu epaiketa politiko honetan herritarrek beren burua eta
lurrak defendatzeko duten konpromisoa eta gaitasuna zigortu nahi dutela", esan zuten atzo auzipetuek.