AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / CEN
Dorleta Agiriano
@urmargoa
2026/01/29 18:18

Nafarroako enpresak langileak aurkitzeko izaten ari omen diren zailtasunez hitz egin zuen aurreko astean Nafarroako Enpresa Konfederazioko (CEN) presidenteak, Manuel Piquerrek: "Ez dago ezertxo ere". Komunikabideekin izandako topaketa batean kexatu zen langile faltaz, nabarmenduz sektore ugaritan izaten ari dela eskasia, "formakuntzarik zorrotzeneko" lanpostuetatik hasita: "Enpresa batekin hitz egiten duzunean, baliabide altuenetik garbiketa-baliabideraino eskatzen dizu [langileak]". Behargin falta edo "aulki hutsaren krisia" deiturikoa omen da, Piquerren esanetan, enpresarien artean nagusitu den kezketako bat.

Horrekin batera, enpresaburuen erakundeek eta masa-komunikabideek behin eta berriz errepikatzen duten beste mantra bat seinalatu zuen CENeko buruak: "lan-absentismoa". Horiek horrela, lan-harremanetan "malgutasun-formulak" bilatzearen alde egin zuen, Navarra.com-ek jaso duenez. Horrekin, ez omen zion erreferentziarik egiten lan-baldintzak "okerragotzeari" edo "murrizteari", bere hitzetan.

Soluzioa: soldatak, hitzarmen kolektiboak eta mugikorraren erabilera jopuntuan

Piquerrek proposamen zehatzik egin ez bazuen ere, eman zuen ulertzera nondik joan daitekeen kontua: hitzarmen kolektiboei "buelta eman" behar zaiela esan zuen, baita beharginen soldatetan aldaketak ezarri beharko liratekeela ere. Iradoki zuen lotuta egon beharko liratekeela langileen soldatak eta enpresaren helburuak edo emaitzak, soldatak enpresa-helburu horien eta emaitzen araberakoak izan daitezen, ulertzen denez. Eta horretarako eman zuen argudioa honakoa da, Navarra.com-en arabera: langilea parte izatea, "inbolukrazio" handiagoa edukitzea.

Beharginek euren lanorduak "bete" behar dituztela ere defendatu zuen enpresariak, besteak beste, esanez "lan-denbora handia galtzea" eragiten duela langileek telefono mugikorrak erabiltzeak. "Lan-istripuak sortzen ari dira", gaineratu zuen zinikoki: "Lan egin behar da, ekoitzi egin behar da [...] Lan egin beharreko orduetan, topera egin behar da".

Industriaz mintzo

CENeko presidentea, nola ez, Nafarroako industriaz ere aritu zen ekitaldian. Automobilgintzako arazoak eta nazioarteko testuinguru zalantzagarria nabarmenduz, Nafarroako sailburu Mikel Irujorekin harremanetan dagoela eta politikaria "mugitzen" ari dela aldarrikatu zuen. Nafarroako Gobernuak esku artean dauka industriako foru-lege bat, eta hura balioan jarri zuen Piquerrek, ulertzera emateaz gain CENek iritzia eman diola jada Irujori. 

Dena den, enpresaburuak legediaren alde bat kritikatu zuen jada, eta ez edozein. Ez du begi onez ikusten enpleguak suntsitu (eta, beraz, kaleratzeak gauzatu nahi dituztenean) abisua bederatzi hilabete lehenago eman behar izatea, hori "tentsioa" gehiegi luzatzea omen dela argudiatuz. Espainiako Estatuan sei hilabeteko abisu-epea markatzen dute gaur egun, eta hori nahiago du Nafarroako enpresa-erakundeak.

EZ DAGO IRUZKINIK