AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / donostitik.com
2025/12/02 08:32

Ertzaintzak 2024ko martxoaren 5ean Donostian (Gipuzkoa) zauritutako hirugarren pertsona batek salaketa aurkeztu du berriki. Gertatu eta bi egunera ere salatu zuen erasoa, baina berriro egitea erabaki du, karga polizial horiei eta epaitegietako bideari lotuta izaten ari diren "injustiziak" direla-eta. Bere momentuan, epaileak argudiatu zuen zailtasunak omen zeudela tiroa nork egin zuen argitzeko, eta kausa artxibatu zuen.

Emakumeak azaldu du egun horretan paseatzen ari zela Reale Arena estadio inguruan, Reala-PSG partidaren aurretik. Armerias Plazatik gertu, 50 metro ingurutik egin zuen tiro bere aurka ertzainetako batek, eta lepoan jo zuen foam jaurtigai batekin. Gordeta dauka bala andreak, zeraman beroki lodian gelditu baitzen harrapatuta.

Oraingoz, egun horretan Ertzaintzak zauritutako hiru biktimak jarri dituzte salaketak, eta Naiz-en arabera, haien abokatuak aztertzen ari dira hiru auziak auzi bakar gisa kudeatzeko aukera. Donostiako futbol-partidaren aurretik foam jaurtigaiekin jota zauritu zituzten guztiak, buru aldean, Reale Arena inguruan zeudela.

Berriki salaketa jarri duen andreaz gain (A. U. inizialak erabili dituzte), Amaia Zabarte eta Maria Martin dira identifikatutako beste bi zauritu larriak. Haien salaketei lotutako eginbideak lantzen ari dira oraindik Donostiako epaitegian, bertako epailearen asmoen kontra: izan ere, biktimak entzun gabe kausa artxibatzearen alde egin zuen lehenengo, baina Gipuzkoako Auzitegiak behartu zuen gaiari berriz heltzera. Aurtengo apirilean eta maiatzean deklaratu zuten Zabartek eta Martinek auzitegian, eta kargetan parte hartu zuten hainbat ertzain, berriz, azaroan hasi ziren epailearen aurretik igarotzen; gutxienez hiru pertsona larriki zauritu eta urte eta erdira.

Joan den hilean, "ikerketan izandako ageriko akatsak, gezurrak, [Ertzaintzako] barne-auziek manipulatutako frogak eta karga axolagabea" salatu zituen Zabarteren senide batek, Noticias de Gipuzkoa-k jaso zuenez.

EZ DAGO IRUZKINIK