AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Gasteiz Hoy
2024/05/24 12:01

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetan preso dauden pertsonen buru-osasunaren inguruko hainbat datu argitaratu ditu Arabako Osasun Mentaleko Sareak; alegia, Basauriko (Bizkaia), Martuteneko (Gipuzkoa) eta Zaballako (Araba) kartzeletan gatibu dauden pertsonena. Kezkagarria da erakutsi dutena: presoen bi herenek, hiru lagunetik bik, osasun mentaleko arazoren bat dute.

Droga-mendekotasuna duten pertsonen proportzioa are larriagoa da. Zaballan, esaterako, hamar lagunetik zortzik daukate adikzioren bat. Arabako kartzelan 800 preso daude denera, eta horietatik 500 artatzen dituzte bertako osasun-zentroan; %80 droga-mendekotasunen bati lotuta, %65 osasun mentaleko arazoren batengatik, eta %7 agerraldi psikotikoren baten ondorioz. Arabako Osasun Mentaleko Sarearen arabera, Basaurin eta Martutenen ere antzekoak dira ehunekoak, baina pertsona gatibu gutxiago daude presondegi horietan.

Aipamen berezia egin dio sareak politoxikomanien gaur egungo aniztasunari, bai eta gazteen adikzioari ere (nahiz eta azaldu duten gero eta zaharragoak direla bai preso dauden pertsonak, bai kartzelaratzen dituztenak). Kalamuaren kontsumoaren gorakada azpimarratu du, ohartarazita sintoma psikotikoak eta eskizofrenia goiztiarrak eragiten dituela.

Preso bat hilik Basaurin, gaindosi baten zantzuekin

Hilabete honetan jakinarazi dute hil egin dela Basaurin preso sartu zuten pertsona bat, espetxeratua izan eta astebetera. "Gaindosi" baten zantzuak zituen, eta Salhaketak seinalatu zuen, "bere gaixotasun mentalak bere buruaz beste egiteko arrisku handia" zekarren arren, espetxeratu egin zutela berdin-berdin.

Eusko Jaurlaritzak duela ia hiru urte lortu zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeen gaineko eskumena. Salhaketak emandako datuen arabera, ordutik, gutxienez sei pertsonak galdu dute bizia kartzela horietan.

EZ DAGO IRUZKINIK