AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Sare Antifaxista
2024/03/11 08:44

Aurreko asteartean, martxoaren 5ean, Ertzaintzak berriz kargatu zuen Donostian (Gipuzkoa), Realeko zaleen aurka. Reale Arena inguruan eta hiriko gune ugaritan ikaragarrizko polizia-dispositiboa ezarri ostean, estadio inguruan izan ziren kargak, partidaren aurretik. Berriz ere, foam jaurtigaiak erabili zituzten ertzainek jendearen kontra.

Unean bertan argitara atera ez bazen ere, gerora jakin zen larriki zauriturik zegoela 44 urteko emakume bat, Ertzaintzak foam jaurtigaietako batekin jo ondoren. Asteazken gauean eman zuten horren berri, zaurituriko pertsona Zainketa Intentsiboen Unitatean (ZIU) zeukatenean. Joan den asteburuan jakinarazi dutenez, irten da jada ZIUtik, eta neurologiako solairura eraman dute.

"Basakeria bat izan zen. Gertutik egin zuten tiro, onartu ezin den altuera batera", azaldu dio emakume horren senide batek Berria-ri. Eta esku-hartze polizial basatian ez zuten pertsona bakarra zauritu, gainera: azken egunetan, zaurituriko beste bi lagunen berri eman dute.

Horietako bat Reale Arenatik gertu zegoen polizia-kargak izan zirenean, eta bizkarrean zauritu zuten ertzainek, foam jaurtigai batekin jota, itxura denez. Gerora aurkeztu zuen salaketa zaurituriko emakumeak. Hirugarren emakume bat, bestalde, begi batean zauritu zuen Ertzaintzak.

Ertzaintzak, oraingoan ere, barne-ikerketa bat abiatu omen du, Donostian gertaturikoa ustez "argitzeko". Frogak, irudiak eta lekukotzak biltzen ari omen da. ERNE, ESAN eta SIPE sindikatuek esan dute, bestalde, "protokoloetatik at dauden aginduak" eman zituztela egun horretako operazioaren arduradunek.

Beste lau zauritu azken hilean

Azken hilabetean, denera, gutxienez zazpi pertsona zauritu ditu Ertzaintzak foam jaurtigaiekin. Donostian aurreko astean zaurituriko hiru lagunez gain, beste hiru pertsonari eragin zizkien zauriak Poliziak Tolosako (Gipuzkoa) Inauterietan, eta laugarren bati Gasteizen (Araba), Martxoaren 3ko sarraskiaren harira egindako mobilizazioan. Aurpegian eman zieten Tolosan zaurituriko hiru gazteei (horietariko bati begian), eta belarrian jo zuten Gasteizen erasoturiko pertsona.

EZ DAGO IRUZKINIK