AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Deia
2024/11/21 09:45

Grup La Pau enpresak aste honetan utziko dio Araban eta Bizkaian anbulantzia-zerbitzua emateari. Orain arte galdera-ikurrak nagusi izan diren arren, argitu dute jadanik zer enpresa lotu dituen Osakidetzak anbulantzia-sare publikoa bermatzeko. Azaroaren 25etik aurrera, hiru enpresak jardungo dute, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren esanetan.

Orain arte Gipuzkoako anbulantzia-zerbitzuaz arduratu den enpresa, Ambulancias Gipuzkoa, Arabara hedatuko da eta han ere arituko da, Araba Anbulantziak izena hartuta. Bizkaiko zerbitzurako, berriz, aldi baterako enpresa-elkarte bat sortu dute Madrilgo Sanir Movilidad Sanitaria enpresak eta Ambulancias Baztan Bidasoa euskal enpresak. Ez dute argitu zerbitzua subrogatuta egongo ote den, eta nola.

Eusko Jaurlaritzak eten egin du Grup La Paurekin zuen kontratua, konpainiak egin izan dituen "hutsegiteak" direla-eta, eta kontratazio-prozedura azkar baten bidez hartu ditu Ambulancias Gipuzkoa, Ambulancias Baztan Bidasoa eta Sanir. Kataluniako Grup La Pauri, teorian, zigorrak ezarri omen dizkio Jaurlaritzak, egindako arau-hausteengatik.

Urrian moztu zuen kontratua Jaurlaritzak, baina anbulantzietako langileek horren ondoren salatu zuten Grup La Pauk ez ziela zor ziena ordaindu: ez urriko soldata, ez udako aparteko ordainsarien gehiengoa. Orain ere, ezinegona da nagusi plantillan.

Murrizketak eta erasoak urte luzez

Grup La Pauk urteak egin ditu, Bizkaian, Osakidetzak azpikontratatutako anbulantzia-zerbitzuaz arduratzen. Langileek behin eta berriz salatu dituzte enpresa horren pean jasandako miseriazko baldintzak, hala nola, atzerapenak soldaten ordainketan eta ez-ordainketa zuzenak, bai eta zerbitzua modu egokian eman ahal izateko gutxieneko baliabide falta ere. Osakidetzak eta Jaurlaritzak berak, ordea, denbora luzez egin diote entzungor horri guztiari, eta lehiaketa publikoak irabazten jarraitu zuen Grup La Pauk.

Bizkaiko beharginek 2021ean ekin zieten protestei, eta azaldu zuten 2017tik ari zirela murrizketak pairatzen anbulantzia-zerbitzuan, bai baliabideei bai soldatei dagokienez. Aurten, greba mugagabe bat ere egin dute azpikontratatutako langileek, errepresio eta kriminalizazio izugarri bati aurre eginez. Irakurri hemen Asier Muñoz anbulantzietako langileari GEDAR LANGILE KAZETAk egindako elkarrizketa.

EZ DAGO IRUZKINIK