Azken egunetan, Iruñeko (Nafarroa) sanferminetako eta Baionako (Lapurdi) festetako eraso matxistez gain, beste hainbat erasoren berri eman dute Euskal Herrian. Gutxienez hiru emakumeri eraso diete Ugaon (Bizkaia), Santurtzin (Bizkaia) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Iruñean.
Igande arratsaldean, Ugaon, emakume bat hiltzen saiatu zen gizonezko bat. Dantzaleku baten kanpoaldean eraso zion andreari 35 urteko gizonak, aparkalekuan: geldirik zegoen auto batera hurbildu zen, eta barruan eserita zegoen emakumeari eraso zion labana batekin. Hala, zauriak egin zizkion bizkarrean eta bularraldean. Igandean bertan atxilotu zuten erasotzailea, eta espetxean daukate oraingoz.
Santurtzin, bestalde, igande goizaldean jasan zuen sexu-eraso bat emakume batek. Karmengo jaiak hasi dira joan den asteburuan, eta orduan egin diote eraso emakumeari. Gertatutakoa ikertzen ari omen dira.
Iruñean, berriz, sanferminetako hamaika sexu-erasoen aurretik, Nafarroako Unibertsitate Publikoan eraso bat izan zela jakinarazi dute. Uztailaren 4an gertatu zen: ospitaleratuta zegoen gizonezko batek ukituak egin zizkion lanean ari zen emakume bati. Momentuz, urruntze-agindu bat ezarri diote erasotzaileari.