Xuhar Pazosek, Ertzaintzak 2024ko Inauterietan Tolosan (Gipuzkoa) zauritutako gazteetako batek, azaroaren 17an deklaratuko du bertako epaitegian. Elkartasuna adierazteko, kontzentrazio batera deitu du Xuhar herri-plataformak: epaiketaren egunean, goizeko 10:30ean elkarretaratuko dira Tolosako epaitegi aurrean.
Irailean jakinarazi zuten, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren aginduz, berriz irekiko zutela Xuharrek jasandako lesioei buruzko kausa. Izan ere, Tolosako epaile batek 2024ko azaroan erabaki zuen auzia artxibatzea, zauritutako gaztea deklaratzera ere deitu gabe. Xuharren abokatuak salatu zuen ez zituztela gertakariak behar bezala ikertu prozesuan, eta arrazoia eman zion Gipuzkoako Auzitegiak. Oraingoan, deklaratu egingo du Xuharrek, eta defentsak eskatuko du inguruan zeuden lekukoek ere hitza har dezatela.
Xuhar 2024ko otsailaren 13an zauritu zuen Ertzaintzak: Tolosako Inauterien ospakizun bete-betean, kalean zegoen jendearen aurka oldartu zen Polizia, foam jaurtigaiak botaz besteak beste. Gutxienez hiru pertsona zauritu zituzten aurpegian, tartean, Xuhar. Begian eman zion foam jaurtigai batek, eta betirako kaltetu zioten ikusmena. Gaztearen familiak Tolosako epaitegian salaketa aurkeztean, Ertzaintzak esan zuen "kasualitatez" jo zuela Xuhar foam bala batekin eta ez zuela zuzenean tiro egin bere kontra. Bertsio hori babestu zuten bai epaileak bai Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.
Ertzaintzaren biolentzia justifikatzeko, garai hartako Barne sailburu Josu Erkorekak adierazi zuen Xuharrek "istilu" batzuetan parte hartu zuela otsaileko gau hartan, baina badirudi kamerako grabazioek erakusten dutela ez ziela ertzainei ezer bota. Bertsio ofizialak zioen foam jaurtigaiak "errebotez" jo zuela Xuhar, baina irudiek ez omen dute halakorik erakusten.