Lan baldintzetan hobekuntza bila, pasa den urrian hasi ziren protestan Arabako Elecnor Telecomunicacioneseko langileak. Hasieran bost egun egin zituzten greban, baina enpresako zuzendaritzaren jarrera zela-eta, greba mugagabera igaro ziren iragan abenduan.
Hilabete bete da greba mugagabea hasi zutenetik, eta beharginek adierazi dutenez, denbora tarte horretan enpresak ez du negoziaziorako asmorik erakutsi. Abenduaren 23an bildu ziren, eta geroztik, enpresak ez die langile ordezkariei inolako erantzunik helarazi. Gainera, lan gatazka "konponduta" dagoela adierazi eta zabaldu dute enpresako zuzendaritzako kideek.
Zuzendaritzaren jarrera
Aurretik ere, greba ahultzeko hainbat eta hainbat saiakera egin ditu enpresako zuzendaritzak. Esaterako, greba ez egiteko esku-orriak banatu zituen lantokietan, eta greba egunetan, gainontzeko herrialdeetako langileak mugitu zituen Arabako lantegietara, ekoizpenaren beherakada oztopatzeko.
Enpresak irabaziak izan ditu pasa den urtetik hona, baina, hala ere, lan baldintza kaskarren aitzakia "ezintasun ekonomikoa" dela dio. Azken hilabeteotan are gehiago okertu dira beharginen lan baldintzak: lanaldi gehigarriak ez dituzte behar bezala kobratzen, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileek baino baldintza eskasagoak dituzte, asteburuetan eta jaiegunetan lan egin behar izaten dute, hitzarmenean adostutakoa baino gutxiago kobratzen dute, edota emakumeek etxetik laneko arropak jantzita joan behar izaten dute lanera, han ez dutelako aldagelarik.