AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Todo Por Hacer (Twitterretik hartutakoa)
2022/12/13 15:08

Astebetetik gora igaro da Greziako polizia-agente batek Kostas Fragoulisi tiro egin zionetik. Antza, hamasei urteko gazteak 20 euro ordaindu gabe egin zuen alde Tesalonikako gasolindegi batetik, eta atzetik jarraitu zion poliziak, motozikletekin. Jazarpenean agenteetako batek bi tiro eman zizkion buruan, eta larriki zauritu zuen jatorri ijitoko gaztea. Egoera larrian izan da ordutik, eta gaur goizean jakinarazi dute hil egin dela.

Joan den abenduaren 6an, Fragoulis tirokatua izan eta hurrengo egunean, hamalau urte bete ziren Atenasko polizia batek Alexis Grigoropoulos gaztea tiroz erail zuenetik. Hala, aurreko astean bat egin zuten Fragoulisi egindako erasoaren harira piztutako protestek eta Grigoropoulosen erailketari lotutako ohiko mobilizazioek; Grezia osoan zehar hedatu zen polizia-bortizkeriaren kontrako aldarria. Polizia-indarren erantzuna ere masiboa izan da, milaka agente mobilizatu baitituzte protestei eta manifestariei aurre egiteko.

Azken egunetan, Grezia osoan mantendu dira protestak; hala nola, erromani komunitateko pertsonek egindakoak. Poliziak sarekada ugari egin ditu nagusiki erromaniak bizi diren eremuetan; 78 gune inguru dira Grezia osoan.

Iazko urrian, 20 urteko gazte ijito bat erail zuten poliziek Peraman, jazarpen baten ondotik. Hamasei urteko beste gazte bat zauritu zuten.

EZ DAGO IRUZKINIK