Aurreko asteazkenean, oso larri zauritu zen behargin bat Artzentalesen (Bizkaia). El Peso mendian lanean ari zela, langilea kolpatu zuen moztutako pinu batek: trabatuta geratu zen lehenengo, eta hura askatzeko makina astun bat erabili ondoren, behargina jo zuen zuhaitzak.
Larriki zauriturik eraman zuten erietxera, eta han izan da ordutik. Atzo, baina, hil egin zen. 22 urte zituen, eta Forestal Bejarano e Hijo enpresarentzat aritzen zen soldatapean. Bi hilabete zeramatzan sektorean.
Urtea hasi zenetik, Euskal Herrian, gutxienez 23 langilek galdu dute bizia soldatapean lanean, lanera bidean edo lanetik bueltan. Bestalde, ELA sindikatuaren arabera, baso-lanetan ari ziren hamabi behargin hil dira lan-istripuz 2021etik hona.