AKTUALITATEA / Errepresioa
Herrialde Katalanetako zenbait mugimendutan infiltratutako polizia saritu du Barne Ministerioak
Polizia-agente bat hiru urtez egon da Bartzelonako eta Sant Andreuko hainbat mugimendutan infiltratuta, eta informazio gehiago eskuratzeko asmoz, zenbait emakume militanterekin "harreman sexu-afektibo instrumentalak" izatera heldu da. Orain, enbaxada batean ari omen da lanean, bereziki soldata altuarekin.
2023eko otsailaren 6
Herrialde Katalanetako zenbait mugimendutan infiltratutako polizia saritu du Barne Ministerioak

Directa hedabideak aurreko astean atera zuen argitara beste polizia-infiltrazio kasu bat Herrialde Katalanetan, bigarrena azken hilabeteetan. Zehazki, hiru urtez (2020tik 2022ra bitartean) Bartzelonako eta Sant Andreuko zenbait mugimendutan infiltratuta egon den polizia bat atzeman du Directa-k. Agente hau, gainera, "harreman sexu-afektibo instrumentalak" izatera iritsi zen, zelatatu nahi zituen espazio politikoei buruzko informazio gehiago eskuratzeko helburuarekin.

Hori gutxi balitz, badirudi polizia-agente hori saritu duela orain Espainiako Barne Ministerioak. Infiltrazioa jakitera eman zenean, bere kontrako kereilak aurkeztu zituzten hainbat emakumek, sexu-abusuengatik. Horren ostean, Herrialde Katalanetatik alde egin du polizia-satorrak, eta, El Español-en arabera, enbaxada batera bidali dute lan egitera. Antza, agentea babesteko asmoz hartu dute erabaki hori.

El Nacional.cat atariak azpimarratu duenez, enbaxadetako lanpostuak oso desiratuak dira guardia zibilen eta Espainiako Poliziako agenteen artean, soldatak bereziki altuak baitira.