AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/06/21 09:53

Mugimendu Sozialistak badu txosna Hernanin (Gipuzkoa). Mugimendu Feministaren eta Ezker Abertzalearen ekimenez Hernaniko Txosna Batzordeak beto politikoa jarri arren, eta Hernaniko Udalak beto hori babestu arren, haiek ere txosna jartzeko eskubide osoa dutela aldarrikatu dute hasieratik Mugimendu Sozialistako antolakundeek.

Hala, eskubide hori gauzatu eta txosna muntatu dute gaur goizean, San Joan festak hasteko bi egun geratzen direnean. "Udalari egindako proposamenetan adierazi bezala, txosnagunean dagoen tentsioa ez elikatzeko konpromisoz, handik kanpo kokatu dugu [Mugimendu Sozialistaren txosna]", diote Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistako kideek.

Jakinarazi dutenez, dena den, polizia bertaratu da goizean, eta txosna jartzeko lanean ari ziren militanteak identifikatu ditu.

Beharra

"Mugimendu Sozialistarentzat, txosna jartzea ez da aukera bat, gure lan politikoa finantzatzeko eta berau egiteagatik jasaten dugun errepresioari aurre egiteko beharrezko tresna baizik", argitu du Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak. Gogoan izan du, besteak beste, Gasteizen (Araba) 70.000 euroko isunei egin beharko dietela aurre, etxegabetze bati aurre egiteagatik.

Ekainaren 23an, ostegunean, irekiko dute Mugimendu Sozialistaren txosna, 20:00etan. Jaietarako egitaraua argitaratu dute jada:


Behin eta berriz berretsitako betoa

Azken astean birritan saiatu dira Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistako kideak alkatearekin biltzen eta hitz egiten, espazio publikoaren gainean duen erantzukizuna bere gain har dezan eta Mugimendu Sozialistari ere berma diezaion txosna jartzeko eskubidea, gainontzeko eragileei ziurtatutako baldintza berdinetan. Ostiralean udaletxera sartu ziren Kontseilu Sozialistako zenbait kide, eta itxialdia egin zuten atzo.

Alkateak, baina, ez du haiekin aurrez aurre hitz egiteko eta egoerari aterabide bat emateko inolako borondaterik erakutsi. Are gehiago: Hernaniko Udalak "berretsi" egin ditu orain arte "txosnen inguruan hartutako erabakiak", nahiz eta Mugimendu Sozialistaren kontrako beto politikoak indarrean jarraitu, eta txosna jarri ahal izateko alternatibarik ez dioten eskaini. "Udalak publikoki espazio publikoa erabiltzeko dugun eskubidea bermatzeko asmorik ez zuela adierazi zuenean, bertatik irtetea erabaki genuen", azaldu du Kontseilu Sozialistak, atzoko itxialdiaren amaierari buruz.

Espazio publikoaren erabilera pribatua

Kontseilu Sozialistako kideek Espazio publikoaren erabilera pribaturik ez zioen pankarta bat bota zuten atzo udaletxeko balkoi batetik, eta aldarri horri egin diote azpimarra gaurkoan ere: "Txosna Batzordea arrazoi politikoengatik ari zaigu betoa ezartzen, eta udalak, Txosna Batzordeak ezarritako espazio publikoaren pribatizazio hori ez ekiditeaz gain, handik kanpo txosna jartzeko proposamen oro ukatu digu. Udala bera da, beraz, espazio publikoa pribatizatzen ari dena, eta horrexegatik interpelatu genuen atzo alkateak horretan duen erantzukizuna".

Nabarmendu dute, beraz, atzokoan ez zutela inor "jazarri" edota "mehatxatu", eta udalari eskatu diote haien aurka egindako "akusazio faltsu horiek argi" ditzan.

Deia, berriz

"Hernanin betoa onartu eta Iruñeko (Nafarroa) txosnetan "kolektibo guztiek lekua izango duten" konponbidea [San Fermin jaietako gatazken harira] eskatu du EH Bilduk. Bi aurpegiko jarrera horren aurrean argia da Mugimendu Sozialistaren aldarria: eragile orok du txosna jartzeko eskubidea", seinalatu du Kontseilu Sozialistak.

Etzi hasiko dira sanjoanak, eta Kontseilu Sozialistako kideek berriz hitz egin diete Txosna Batzordeari eta udalari: "Mugimendu Sozialistak txosna jartzeko duen eskubidea onartzera deitzen ditugu".

IRUZKIN BAT
  1. A
    Alperda 2022/06/22

    Aupa zuek...eutsi gogor ta aurrera beti...GORA IRAULTZA SOZIALISTA,GORA EUSKAL IRAULTZA SOZIALISTA ...

    Aupa zuek...eutsi gogor ta aurrera beti...GORA IRAULTZA SOZIALISTA,GORA EUSKAL IRAULTZA SOZIALISTA ...