AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/04/17 12:48

Hernanin (Gipuzkoa), etxegabetua izateko arriskuan dago familia bat. Tartean dira adin txikiko lau pertsona. Kaleratzeak Stop plataformak eman du kasuaren berri, aipatutako familiak bi urtetik gora baitaramatza kaleratua izateko arriskuan. Alokairu-kontratua amaitu dela eta pisua saldu nahi duela argudiatuta, jabeak etxetik bota nahi ditu maizterrak.

Aurreko urtean, etxe-kaleratzea geratzea lortu zuen Kaleratzeak Stopek, legez, kale gorrian geratzear zegoena familia zaurgarri bat dela frogatuta. Epaile batek urte honen hasieran jakinarazi zuen, dena den, berriz jarriko zutela martxan etxegabetze-prozedura. Izan ere, familiako helduetako bat soldatapeko lanean hasi da aurten, eta, horregatik, legez, jada ez dituzte zaurgarritzat jotzen maizterrak. Hori dela-eta kendu diete behin-behinean emandako babes legala, eta berriz abiatu dute euren kontrako kaleratze-prozedura.

Kanporatze-agindu bat jaso zuen familiak, eta desalojorako egun bat finkatzen zen bertan: gaurko eguna, apirilaren 17a. Hernaniko Udalak (EH Bildu) eta gizarte-zerbitzuek badute egoeraren berri, baina, oraingoz, inork ez dio bizitoki-alternatibarik bermatu hain egoera ziurgabean den familiari. Horregatik, eta desalojo-agindu bat indarrean zela argudiatuta, gaur mobilizatzera deitu zuten Kaleratzeak Stopek eta Buruntzaldeko Etxebizitza Sindikatuak.

Etxegabetzea, atzeratuta

Goizeko 09:00etarako bertaratu dira hainbat lagun Andre Kalera, etxe-kaleratzea geratzeko asmoz. Pixkanaka batu da gero eta jende gehiago, kanporatua izatear zen familiari babesa emateko. 10:00etarako zegoen ezarrita etxegabetzea, baina ez dira ez batzorde judiziala ez Polizia joan. Orain, beraz, beste huste-data bat zehaztu beharko dute: momentuz, kaleratzea atzeratzea lortu da.

Instituzioen fartsa

Kasu honetan ere "instituzioen fartsa agerian geratzen" dela salatu du gaurkoan Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: "Etxegabetzeak debekatu dituztela dioten bitartean, horiek gauzatzen jarraitzen dute". Etxe-kaleratzeen inguruko ikerketa bat egin berri du sindikatuak, eta gogorarazi du etxegabetze judizialen %70 burutzen ari direla.

Seinalatu du, bestalde, ez dela egia kaleratzeak etxebizitza-alternatiba bat ziurtatuta egonda soilik gertatzen direnik. Horren adibide da, hain zuzen ere, Hernanin kale gorrian gelditzear den familiaren egoera. Hernaniko Udalak ez dio oraingoz inolako bizitoki-alternatibarik bermatu, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez.

"Alderdi politikoek kanpaina egiten dute Etxebizitza Legeak alokairu-prezioak jaitsiko dituela esanez. Hernanin, baina, ez dago alokairu bakar bat ere. Horregatik ezin izan du familia honek etxetik alde egin", argitu dute sindikatuko kideek. Etxebizitza Legea, gainera, "fartsa bat" dela ohartarazi dute, "prezioak jaitsi ez ezik, igoerak finkatu eta jabeak babesten dituelako".

Etxebizitzaren arazoari "aterabidea emateko" aukera bakarra, hain zuzen ere, "etxegabetze guztien baldintzarik gabeko etenaren alde borrokatzea" dela nabarmendu du sindikatuak. Ezinbestekotzat jo du "etxebizitzaren gaineko langile kontrola ezartzea": "Funtsek, banketxeek, jabeek eta instituzio publikoek irabaziaren arabera kudeatzen duten etxebizitza langileria antolatuaren eskuetan unibertsalki, doan eta kalitatezko bermeekin eskaini ahalko litzateke".

EZ DAGO IRUZKINIK