AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/02/08 10:13

Etxegabetzeen moratoriak ezkutatzen duena. Horixe bera ikertu du Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, Hego Euskal Herrian zentratuta. Aipatutako izenburu horrekin, liburuxka batean jaso ditu ondorio nagusiak. "Hego Euskal Herriko etxegabetzeei buruzko lehen azterketa integrala aurkeztu dugu", azaldu dute sindikatuko kideek. "Helburua bikoitza" dela argitu dute: "luzamenduaren [moratoria] eragina neurtzea", batetik, eta "etxegabetzeen fenomenoa modu integralean aztertzea", bestetik. Izan ere, "kaleratze judizialez gain, beste etxegabetze-tipologia batzuk" ikertu dituzte; "hala nola, estrajudizialak eta ikusezinak".

Azterketa egiteko, estadistika ofizialak nahiz Etxebizitza Sindikatuak berak lortutako datuak baliatu dituzte, Euskal Herri osoan zehar lanean ari diren sindikatu sozialistek artatutako kasuak oinarritzat hartuta, problematika hori jasaten ari diren hamaika lagunen eskutik. Argitara ateratako errealitateak nabarmen erakusten du etxegabetzeen moratoriaren iruzurra, errentamendu-prozeduren bidezko etxegabetzeen luzamendua ia beste lau urtez indarrean izango dela adierazi dutenean.

"Gobernuak neurri hori 2024aren amaierara arte luzatzeko egindako azken iragarpenaren ondoren, beharrezkoa da neurri horren eraginari buruzko azterketa serio bat egitea", aldarrikatu du Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. "Gobernuak berak duela bi urte adierazi zuen datu egokiak bilduko zituela eta luzamenduaren eraginaren azterketa egingo zuela. Azterketa hori ez da egin, eta ez dirudi egiten ari denik ere", gaineratu du. Hala, sindikatuko kideek egindako ikerketa plazaratu dute jada: Iruñeko (Nafarroa) Civivox Condestablen aurkeztu zuten jendaurrean aurreko ostiralean, eta gure web-orrian ere irakurgai dago jada, euskaraz nahiz gazteleraz.

Etxegabetzeak ez daude debekatuta

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak ideia argi bati egin dio azpimarra ikerketan: etxe-kaleratzeak ez daude debekatuta. Etxegabetzeen moratoria modura ezagutzen denak kaleratzeak denboran atzeratu besterik ez du egiten, salatu duenez. Eta, gainera, ezarri ere ez da egin moratoria Hego Euskal Herrian bildutako kasuen %70etan, gutxienez. Etxegabetze judizialen %70 inguru, beraz, gauzatu egiten dira.

Hori gutxi balitz, pilatzen ari dira 2020 eta 2023 artean moratoriaren bidez atzeratutako kaleratzeak. Hego Euskal Herrian, gutxienez 1.000 etxegabetze daude geldirik, baina burutzeko zain: moratoriaren neurria kendu bezain laster gauzatuko dituzte, ziur aski.

Kaleratzeak, etenik gabe gora 2008tik

Sindikatuak seinalatu du, bestalde, epaitegietan hasitako etxegabetzeek etengabe egin dutela gora 2008tik. "2001arekin alderatuta, Hego Euskal Herrian, urtero ia 1.000 etxegabetze-prozedura gehiago sartzen dira epaitegietan, alokairuagatik", xehatu du. Horren isla da, 2013 eta 2022 artean, gutxienez 13.527 etxegabetze judizial izan zirela Hego Euskal Herrian, sindikatuak jakin ahal izan duenez. Egunean, beraz, 3,7 kaleratze izan ziren bederatzi urte horietan.

Eta kaleratze bakarrak ez dira, gainera, epaitegien bidez martxan jarritako judizialak. Etxegabetze estrajudizialei eta ikusezinei begira ere jarri da Etxebizitza Sindikatu Sozialista. Horien artean egongo lirateke prozedura judizialetatik kanpo gauzatzen direnak (askotan, legez kontrakoak izaten direnak) edota, sarri, kaleratzetzat jotzen ez direnak; esaterako, maizter batek bere borondatearen kontra etxe bat utzi behar izatea etxearen kostuari aurre egin ezin diolako, edo beste hamaika arrazoirengatik. "Horien arrazoi nagusia errenten etengabeko hazkundea eta arautu gabeko errentamendu-modalitateen igoera dira", sindikatuko kideek jakinarazi dutenez.

Hona hemen etxegabetzeei buruzko ikerketako ondorio nagusiak, bideo batean jasota:

EZ DAGO IRUZKINIK