AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/03/21 10:57

Buruntzaldeko Etxebizitza Sindikatuak otsailean azaldu zuen Hernaniko (Gipuzkoa) familia baten egoera: jabetza partikularreko etxe batean bizi dira gaur egun, baina handik kanporatuak izateko arriskuan daude gaur-gaurkoz. Lau kide dira familian, eta joan den otsailaren 8an jaso zuten kaleratze-agindu bat. Etxebizitza Sindikatuarekin harremanetan jarri ziren orduan, eta helegiteak jartzeko aukerari heldu zion hark. Modu horretan lortu zuten etxegabetzea behin-behinean geratzea, baina ez behin betiko: beste jakinarazpen baten zain daude une honetan, eta etxetik kanporatuak izateko arriskuan jarraitzen du familiak.

"Hernaniko etxegabetze horren kasuan, adibidez, udalak kaltetuei eman dien aterabide bakarra familia nukleoa banatzea eta kide bat kale gorrian geratzea da, ez omen baitu baliabiderik gehiagorako", salatu zuen otsailean Buruntzaldeko Etxebizitza Sindikatuak. Eta bere horretan jarraitzen dute erakunde publikoek eskainitako aukerek. "Gizarte langileak zein Hernaniko Udalak egindako proposamenek nire familia banatzea ekartzen zuten", esan du berriki senideetako batek.

"Egoera horrek eta horrelako kasu gehiagok erakusten dituzte instituzioek dituzten mugak eta ezintasunak etxebizitzaren arazoari aurre egiteko", seinalatu dute Etxebizitza Sindikatuko kideek. Ezinbestekotzat jo dute, hala, "autodefentsan oinarritutako tresnak garatzea eta elkartasuna antolatzea".

Bide horretan ekin diote lanari eskualdean, eta, oraingoz, hitzordu baten berri eman dute: apirilaren 1ean informazio-asanblada bat egingo dute Hernaniko Biteri Kultur Etxean, 12:00etan. Etxegabetua izateko arriskuan dagoen familiaren egoera azalduko dute saio horretan.

EZ DAGO IRUZKINIK