AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Hegazkingintzako langileen mobilizazioa Bilbon. Argazkia: Yvonne Iturgaiz
2020/09/23 17:04
Hegazkingintza sektoreko langileak greban dira Hego Euskal Herrian astearte honetatik. Argi dute euren eskakizuna: "Sektoreko enpresa nagusietan iragarritako lan-erregulazio espedienteak bertan behera gera daitezela". Hori ez ezik, kaleratzerik onartuko ez dutela ere irmoki adierazi dute beharginek. Borrokaldiak ITP Aero, Aernnova, Aciturri, Airbus eta Alestisen lantegietan izango du eragina.

Zamudioko (Bizkaia) ITP Aero eta Berantevillako (Araba) Aernnova enpresa handien kasuan, bietako langileek egin dute bat lanuzteekin, eta gainera, mobilizazioak egin dituzte Bilbon (Bizkaia) zein lantegien aurrean.

Kaleratzeak

ITP Aeron, zuzendaritzak 194 langile kaleratzea proposatu du Zamudioko lantegian, eta enpresa batzordearen aurrean baldintzak zehazten dirau gaur-gaurkoz. Izatez, joan den astelehenean bilera bat izan zen, eta asteazken honetarako beste bat dago zehaztuta. Dena den, oraindik ez dute akordiorik lortu.

Aho batez

Bilboko manifestazioaz gaindi, ITP Aerokoek hirugarren greba egunari heldu zioten asteartean. Gaizka Aldazabal ELA sindikatuko ordezkariaren arabera, lantegietako langileen %100ek egin dute bat lanuztearekin. Enpresako zuzendaritzako iturriek ere gauza bera baieztatu dute.

Denbora gutxi

Enpresa horretan, lan-erregulazio txostena irailaren 30ean gauzatuko da. Hortaz, kaleratzeei aurre egiteko negoziazioentzako geratzen den epea ere langileen aurka doa guztiz. Asteazken honetako bileraren ostean, beste hitzordu bat izango da patronalak bere baldintzak inposa ditzan. "Orain arte, enpresak kalean egoteko bidea baino ez digu utzi", aitortu du Aldazabalek.

Kaltetuak

Aernnovan, aldiz, zuzendaritzak langileen %20 botako dituela iragarri zuen uztailean; "eskaeren beherakada" aitzakiatzat hartuta. Horren ondorioz, 950 langilek eta euren familiek hileroko diru-iturriak galduko dituzte. Berantevillan soilik, 450 izango lirateke kaltetutako langile familiak. Gauzak horrela, mobilizazioa iragarri dute Arabako hegazkingintzako langileek larunbat honetarako.