AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Guardia Zibilak zabaldutako bideo bateko irudia.
2022/10/19 09:01

Guardia Zibilak jakinarazi duenez, ofizialki "hegaldi-eskoltak" izango ditu aurrerantzean. Haien lana izango da, polizia-indarren arabera, Espainiako Estatu mailako hegaldietan nahiz estatu arteko hegaldietan esku hartzea, iritzi badiote arriskuan daudela "aire-segurtasuna" edo bidaiarien bizitzak. Zehaztu dute, esaterako, bahiketei edota "mehatxu terroristei" egingo lieketela aurre "hegaldi-eskoltek". Kalez jantzita joango dira hegazkinetan, eta armak izango dituzte gainean, ezkutuan.

Oraindik ez dute zehaztu zenbat agentek jardungo duten "hegaldi-eskolta" gisara, ez eta zehazki zein hegalditan egongo diren. Guardia Zibilaren esanetan, baina, nolabait "arriskutsuak" izan daitezkeen hegaldietan baino ez lirateke egongo, "azkar" esku hartzeko prest, eta horretarako beharrezkoak diren ekipamendu guztiekin. Hegazkina edo bidaiariak "benetazko arriskuan" egongo balira, eskua sartzeko autoritate osoa izango lukete kalez jantzitako guardia zibil horiek.

Hedatutako unitateak

Poliziako "hegaldi-eskolten" presentzia orain ofizialdu eta normalizatuko badute ere, berez, lehenago ere jardun dute Espainiako Estatuan. NATOk Madrilen egin duen azken goi-bileran, adibidez, Unesev izeneko unitatea sortu zuten, "hegaldi-eskolten" modura aritu zena. Gerora, baina, mantendu egin zuten Unesev, eta hogei hegalditan izan da ordutik.

Beste estatuetan ere martxan dira gisa horretako polizia-unitateak. Europar Batasuneko herrialdeetan, Prümeko Hitzarmenaren bidez arautzen da haien jarduna. 2005ean sinatu zuten ituna hamalau estatuk, besteak beste, Espainiak, Alemaniak, Frantziak eta Austriak, "mugaz gaindiko delinkuentzia, terrorismoaren aurkako borroka edota legez kanpoko immigrazioa" arautzeko.

Marko horren barruan, batez beste, 7.500 "hegaldi-eskolta" jaso ditu Espainiako Estatuak azken bost urteetan. Guardia Zibilaren Madrilgo eta Bartzelonako aireportuetako buruek koordinatu dituzte guztiak, haiek baitira horretarako eskumena dutenak.

Eskolten formakuntza

Prestaketa oso zehatza izan beharko dute "hegaldi-eskolta" modura arituko diren poliziek. Guardia Zibilak dioenez, "defentsa pertsonalerako" gaitasuna izan beharko dute, eta "negoziaketarako taktikak" ezagutu beharko dituzte. Horretaz gain, hegazkinen funtzionamendua zein den jakin beharko dute, ingeles maila ona izan beharko dute, eta pertsonen portaera aztertzen ikasi beharko dute.

EZ DAGO IRUZKINIK