AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Anadolu Ajansi
2025/11/03 11:23

Israelgo Armadak igande honetan jaso ditu, Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordearen (CICR) bitartez, ustez hiru preso "israeldarrenak" diren gorpuzkiak, Benjamin Netanyahu lehen ministroaren bulegoak jakinarazi duenez. Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduak emandako hilkutxak Israelgo Estatuko indarrek eta Shin Betek eraman dituzte, Abu Kabirreko Medikuntza Forentseko Zentro Nazionalera lekualdatzeko. Han identifikatuko dituzte gorpuak, preso kolonoenak diren edo ez zehazteko.

Asaf Hamamiren (Israelgo Armadako Gaza Dibisioko Hegoaldeko Brigadako koronela) izena zeraman poltsa zuri baten irudiak zabaldu ditu Hamasek, hiru gorpuak entregatu dituela azaltzean. Al Qassam brigaden (erresistentzia islamiarraren beso armatua) arabera, Gazako hegoaldean aurkitu zituzten gorpuzkiak, Gurutze Gorriko kideekin eta Egiptoko indarrekin batera Beni Suhailan (sionisten okupazio militar zuzenaren pean dagoen eremu bat) egindako operazioan.

EFEren esanetan, gorpuak preso "israeldarrenak" direla baieztatzen bada, gerra-presoen zortzi gorpu gehiago baino ez lirateke geratuko erresistentzia palestinarraren esku. Bestalde, gaur egun, Hamasek Israelgo Armada genozidako beste zenbait soldaduren gorpuzkiak ere baditu bere menpe, nahiz eta horien kopurua eta kokapena ez dituzten zehaztu. Agintari sionistek diotenez, jasotako azken gorpuak "ohorez" tratatuko dituzte institutura eraman aurretik.

Azken trukea su-eten prekarioaren erdian dator, eta entregatutako gorpuen nortasunari buruzko hainbat nahasmen izan ondoren gainera, Israelen eraso etengabeen eta Gazako egoera larriaren ondorioz. Joan den ostiralean, dena den, Hamasek hiru gorpu gehiago eman zituen, presoenak ez zirenak, baina horrek ez du ondoriorik izan: aipatutako iturrien arabera, taldeak aurretik ohartarazi zuen ez zekiela hildakoen "nortasun zehatza". Agintaritza sionistek Gazara itzularazi zituzten gorpuak.

Hamasek gezurtatu egin ditu AEBek laguntza humanitarioari buruz egindako salaketak

Bestalde, Hamasek ohar bat argitaratu du, AEBetako Aginte Zentralak (CENTCOM) laguntza humanitariorako kamioi batek Gazan jasandako ustezko arpilatze baten inguruan esandakoei erantzuteko. Erresistentzia-mugimendu palestinarrak "faltsutzat eta fabrikatutzat" jo ditu AEBen akusazioak, eta beren helburua laguntza humanitario mugatuaren murrizketa justifikatzea eta nazioarteko porrota estaltzea dela adierazi du.

Hamasen hitzetan, "Gazako poliziak eta segurtasun-zerbitzuek mila martiri baino gehiago eta ehunka zauritu sakrifikatu dituzte" laguntza-konboien segurtasuna bermatzen zuten bitartean. Azpimarratu du "okupazio-indarrak erretiratu ostean kaos-eszenak bukatu" zirela, eraso horiek guztiak "okupazioak babestu zituela berretsiz".

Komunikatuan jasotzen denez, nazioarteko edo tokiko erakundeek eta konboietako gidariek "ez dute salaketarik egin" AEBek salatutako ustezko gertakariaren inguruan. Estatu Batuak, hala, sionisten "blokeoa justifikatzeko fabrikazio bat dira", mugimendu palestinarrak seinalatu duenez. Gaineratu du AEBetako droneek, kontrara, ez dituztela erregistratzen okupazio sionistaren eguneroko krimenak; esaterako, su-etena hasi zenetik erail dituzten 254 palestinarrak, horien "%91 zibilak". Washington "joera inmorala" mantentzeagatik eta "Palestinako herriaren blokeoan eta sufrimenduan bazkide gisa jarduteagatik" seinalatu du Hamasek.

EZ DAGO IRUZKINIK