AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/04/13 12:17

Erretretaren erreformaren kontrako protestek ez dute etenik Frantziako Estatuan. Gaurkoa, hamabigarrenez, neurri berrien kontrako mobilizazio eguna izango da. Hiru hilabete igaro dira pentsioen erreformaren aurkako mobilizazioak hasi zirenetik, eta ia hilabete, Emmanuel Macronek gidatutako gobernuak erreforma dekretu bidez inposatu zuenetik.

Gaur ere 250 manifestazio inguru izango dira neurri berrien kontra, eta, besteak beste, greban daude garraio publikoan, aire-kontrolatzaileen sektorean, institutuetan eta unibertsitateetan, edota findegietan.

Aurreko ostegunean, apirilaren 6an, izan zen azkeneko greba eguna Frantzian; 11. deialdia urtea hasi zenetik. Egun horretan ere ehunka milaka pertsona atera ziren kalera erreformaren kontra protesta egitera, eta polizia-indarrek gogor jo zuten euren aurka. Besteak beste, negarra eragiteko gasa erabili zuten manifestarien kontra.

Erreformaren bidez, nagusiki, erretiroa hartzeko adina 64 urtetik 62 urtera atzeratu nahi du Frantziako Gobernuak.

Konstituzio Kontseiluaren erabakia, bihar

Biharko eguna erabakigarria izan daiteke erreforma gauzatzeko prozeduran. Izan ere, Konstituzio Kontseiluak bihar emango du neurri berrien inguruko ebazpena. Aurreikuspenen arabera, zaila izango da Konstituzio Kontseiluak erreforma bere osotasunean ezeztatzea. Erreforma atzera botako ez balu, horixe izango litzateke azken urratsa neurri berriak indarrean sartzeko.

Erretretaren erreformaren inguruko erabakiaz gain, erreferendum bat egiteko aukera babestuko duen edo ez ebatziko du Konstituzio Kontseiluak; ezkerreko oposizioak egin du eskaera.

Aurreko astean bildu ziren Elisabeth Borne lehen ministroa eta sindikatuak, baina huts egin zuen bilerak. Gobernuak ez zuen atzera bota nahi izan erreformak oinarri duen testu legala.

EZ DAGO IRUZKINIK