1979. urtetik 2015. urtera arte, Nafarroan 676 pertsonak jasan dituzte torturak eta tratu txarrak polizia-indarren eskuetan, Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako azken txostenaren arabera. Denbora-tarte horretan, gutxienez 825 tortura kasu izan zirela uste da, baina, oraingoz, horietatik 532 kasu jaso dituzte datu-basean. 825 kasuen estimazio horri 1960. urtetik bildutako datuak gehituz gero, beldurgarria da emaitza: 1960tik 2015era arte, gutxienez 891 lagunek pairatu dituzte torturak Nafarroan, eta 1.068 kasu izan dira. Azken datu horiek berriz berretsi eta frogatu dute estatu-aparatuen praktika sistematikotzat jo behar dela tortura.
Datu-basean momentuz jaso dituen 532 kasuak xehatu ditu Kriminologiaren Euskal Institutuak. Kasu gehienetan (%81,6etan) Nafarroan izan ziren atxilotuak gerora torturatutako pertsonak, baina Gipuzkoan (%9,2) eta Bizkaian (%4,7) ere atxilotu zituzten zenbait. Torturatutako pertsonen %54,4k zituzten 21 eta 29 urte artean, eta %2,5 adingabeak ziren.
Ikertutako azken denbora-tartean (1979-2015), gainera, bereziki deigarriak izan ziren hainbat aldi ere identifikatu dituzte. Badirudi 1979tik 1984ra arte atzeman dituztela tortura eta tratu txar kasu gehien: 180, guztira. 1990eko hamarkadan ere gora egin zuten kasuek, eta 1991tik 1996ra arte 102 kasu zenbatu dituzte. 2000tik 2015era arte, gutxienez 102 kasu izan ziren; 2010tik 2015era arte, zehazki, hemezortzi kasu erregistratu dituzte.