Atzo, abuztuak 24, eman zioten hasiera G7 goi bilerari Biarritzen (Lapurdi). Bihar arte iraungo du gailurrak, eta momentuz, gutxienez 87 pertsona atxilotu ditu Frantziako Poliziak: 17 ostiralean, 68 larunbatean, eta bi gaur, igandea.
Bilkuran elkartu diren agintariek ostiral arratsaldean hartu zuten Biarritzerako bidea. Errepide bat mozteko asmoz, ehunka pertsona abiatu ziren gailurraren aurkako Urruñako (Lapurdi) kanpalekutik. Manifestariei oldartu zitzaien polizia, eta zaurituak izateaz gain, 17 lagun atxilotu zituzten. Iluntzean kanpalekura bertaratu zen polizia, eta gomazko pilotak zein negar gasa bota zituen sarreran.
Protestek aurrera
Hurrengo egunean, atzo, hasi zen G7 goi bilera, eta aurrera egin zuten protestek. Gutxienez 68 pertsona atzeman zituen Frantziako Poliziak, gehienak, Baionako (Lapurdi) mobilizazioetan. Bertan ere negar gasa erabili zuten manifestarien aurka. Poliziaren errepide kontroletan ere izan dira atxilotuak egunotan.
Gaur, igandea, atxilotuak aske utzi ditzatela eskatzeko mobilizaziora deitu dute Baionan. Herriko Etxearen ingurua hartu eta itxi du poliziak; hala, inguruko kaleetara mugitu dira manifestariak. Hormaren aurka jarri dituzte batzuk, eta gutxienez bi pertsona atxilotu dituzte.
Datozen egunetan, Euskal Herriko beste hainbat txokotan ere egingo dituzte atxiloketak salatzeko protestak, hala nola, Donostian (Gipuzkoa) edota Irunen (Gipuzkoa).
Zerrenda beltzak
Egunotan atxilotuak izan diren zenbait kideren kasuan, polizia etxeetara mugitu beharrean, Lapurditik Biriaturako mugara eraman eta Frantziako Estatutik kanporatu dituzte. Hala, salatu dute badela "500 pertsonako zerrenda bat", egoera jakinetan estatuan sartzea eta egotea debekatuta duten pertsonena.
Bestalde, Errekaleorreko kideek Twitter bidez azaldu dutenez, auzokideetako batek gau osoa pasatu du komisaldegi batean atxilotuta. Pertsona horren inguruan osatutako txostenean, Gasteizko (Araba) Errekaleor auzoaren "okupazio ilegalean" parte hartu izana dauka jasota Frantziako Poliziak.