AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/01/17 08:37

Atzo atera zuten argitara berria: abenduaren 30ean gizonezko bat atxilotu zuten Donostian (Gipuzkoa), gutxienez 49 pertsona migratu esplotatzea leporatuta. Itxura denez, esplotatzaileak Eibarren (Gipuzkoa) zituen pilatuta behargin guztiak, baldintza negargarrietan: lau etxebizitza eta etxabe bat erabiltzen zituen langileen bizitoki modura.

Atxilotutako gizonak eraikuntza-lanetara bideratzen zituen langileak. Lana eta lo egiteko lekua eskaintzen zizkien, miseriazko baldintzetan biak. Lan-kontraturik gabe behartzen zituen lanean aritzera, zortzi ordutik gorako lanaldiekin, eta inolako babes-neurririk gabe.

Bizitokiei dagokienez, baldintza osasungaitzetan daude esplotatzaileak eskaintzen zituen pisuak eta etxabea. Ez dago berogailurik edo etxetresnarik, eta oheek ez dute somierrik. Hala ere, iruzurtiak hilean 250 eta 450 euro artean eskatzen zizkien harrapatutako pertsona migratuei, aterpe horien truke.

Hori gutxi balitz, "legez kanpo" erroldatzea ere eskaintzen zien esplotatzaileak, ordainduta hori ere. Ez dute jakinarazi zein jatorritakoak diren lan- eta bizi-baldintza negargarri horiek jasan behar izan dituzten pertsonak, baina aditzera eman dute gehienek ez dutela "hizkuntza" ezagutzen, ez eta bertako legedia eta araudiak ere. Horretaz baliatu zen atxilotua haiek esplotatzeko eta haiei iruzur egiteko.

Protesta gaur, Eibarren

Badirudi Eibarren bizi izan direla iruzur egin dieten pertsona migratu horiek. Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak, hala, protestara deitu du Eibarren bertan, Migratzaileen miseriazko egoera borrokatu lelopean: kontzentrazio bat antolatu du gaurko. Eibarko Untzaga plazan izango da, 19:00etan hasita.

EZ DAGO IRUZKINIK