AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / El Comercio PerĂº
2023/03/29 09:46

Mexikoko Migrazio Institutuak (INM, gaztelerazko sigletan) Ciudad Juarezen, Amerikako Estatu Batuetako mugatik gertu, daukan erretentzio zentroan sutea izan zen astelehen gauean. Han atxilo zituzten 39 pertsona migratzailek galdu dute bizia gutxienez, eta Guatemalakoak edo Hondurasekoak ziren ia denak, antza. Beste 28 lagun larriki zauriturik daude sutearen ondorioz.

Iturri ofizialen arabera, zentroan gatibu zeuden migratzaileek, gehienak Guatemalakoak, su eman zieten zenbait koltxonetari, eta horrek sortu zuen sutea. Deportatuak izango zirela jakitean egin zuten hori. Dirudienez, egun horretan bertan atxilotu zituzten, Ciudad Juarezeko kaleetan dirua eskatzen edota eskulanak saltzen ari zirelako.

Beranduago zabaldu dira zentroko bideozaintza kamerek jasotako irudiak. Horietan ikusten da nola ziegetan preso zituzten migratzaileak, eta nola segurtasun-agenteek alde egiten duten sutea hastean, migratzaileak zeldetan atxilo utzita.

Atzo goizean, hainbat eta hainbat migratzailek protestak egin zituzten Mexikoko migrazio-bulego batzuen aurrean, jasaten dituzten baldintza miserableak salatzeko.

Amerikako Estatu Batuak eta Mexiko bereizten dituen mugan, migratu nahian ari diren milaka pertsona atxilotzen dituzte egunean. Migrazioentzako Nazioarteko Erakundearen (OIM, gaztelerazko sigletan) datuen arabera, iazko abenduan, batez beste, egunean 8.000 migratzaile atxilotu zituzten mugan. Atxilo hartzen dituzten pertsona horiekin bi neurri hartzen dituzte autoritateek: euren jatorrizko herrialdeetara deportatzea, edo Mexikora eramatea, 42. Titulua delakoa aplikatuta.

EZ DAGO IRUZKINIK