AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Naufragio baten osteko irudia, Calabrian. ARGAZKIA / AFP
2024/06/18 09:15

Azken orduetan, migratu nahian ari ziren 11 pertsona hil eta 66 desagertu dira Mediterraneoan, ordu gutxiko aldearekin gertatu diren bi naufragiotan. Italiako uretan izan dira bi tragediak: Lampedusa uhartetik hurbil topatu dute galdutako ontzietako bat, eta Calabriako kostaldetik gertu bestea.

Egurrezko ontzi prekario bat zen lehenengoa, eta gutxienez 61 pertsona zihoazen bertan, Italiako kostara heltzeko saiakeran. 51 lagunek biziraun dute (nahiz eta konorterik gabe eraman zituzten haietatik bi), baina gutxienez hamarrek galdu dute bizia: urak hartutako bodegan aurkitu zituen gorpuak Resqship-ek.

Bigarren ontzia belaontzi bat zen, eta 11 pertsonak biziraun dute bertan. Itxura denez, Turkiatik irten ziren duela zortzi egun, eta hainbat egun igaro dituzte itsasoan galduta. Calabriatik 120 miliara atzeman zituzten, baina lehorreratu eta segituan, hil egin zen erreskatatutako lagunetako bat.

Biziraun dutenek jakinarazi dutenez, beste 66 pertsona zihoazen eurekin ontzi horretan, baina itsasoan desagertu dira denak; horietatik 26 inguru omen dira haurrak. Salbamendu-jakarik gabe egin behar izan dute migrazio-bidea, eta azaldu dute hainbat ontzirekin egin dutela topo naufragioan, baina ez direla laguntzeko geratu.

EZ DAGO IRUZKINIK