Skip to Content
AKTUALITATEA / Errepresioa

Inkomunikauta daukate Santi Gonzalez, atzo Bilbon atxilotu ostean

Gonzalez ezaguna da, besteak beste, Pasaiako sarraskia ikertzeko egindako lanagatik edo Berangoko ongietorriaren auzian akusatuak defendatzeagatik. Gaur egun, pertsona etorkin ugariren abokatu gisa jarduten du, besteak beste. 'Santi askatu! Atzerritarren legeari ez!' lelopean, protesta bat egingo dute Portugaleten gaur arratsaldean.
2026eko azaroaren 18 - 07:41
Inkomunikauta daukate Santi Gonzalez, atzo Bilbon atxilotu ostean
Santi Gonzalez izan zen Pasaiako sarraskia argitu zedila eskatu zuen abokatuetako bat. — ARGAZKIA Argazki Press

AKTUALITATEA

Santi Gonzalez abokatuaren gertuko pertsonek atzo jakinarazi zuten atxilotu egin zutela Bilboko bere etxean. Indautxuko komisariara eraman zuen Espainiako Poliziak, eta inkomunikatuta daukate oraindik. Lehen informazioen arabera, pertsona etorkinen erregularizazio-prozesuan egiten duen lanaren harira atxilotu dute, askoren abokatu-lanak egiten baititu gaur egun. Badirudi, gainera, Bilboko bere etxea eta Eibarren eta Portugaleten erabiltzen dituen bulegoak miatu dituela Poliziak.

Santi askatu! Atzerritarren Legeari ez! aldarritzat hartuta, mobilizazio-deialdi bat egin dute Portugaleten gaur arratsalderako. 18:00etan izango da protesta, herriko plaza nagusian. Ondoko mezuarekin batera zabaldu dute deialdia: "Santi Gonzalez abokatua Espainiako Poliziak atxilotu du, ustez, pertsona etorkinekin egiten duen lan solidarioagatik. Santi beti bereizi izan da injustiziak ez onartzeagatik eta pertsonarik zaurgarrienen alde aurpegia emateagatik. Bere lan profesional eta humanitarioaren aurkako eraso honen aurrean, ezin gara ezer esan gabe geratu".

Gonzalez oso ezaguna da abokatu gisa duen ibilbideagatik. Esaterako, Berangoko ongietorria zela-eta auzipetutako hamasei pertsonen abokatuetako bat izan da (aurten epaitu dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean); eta Santi izan zen, bestalde, Espainiako Poliziak 1984an Pasaiako badian egindako sarraskia argitu zedila eskatu zuen abokatuetako bat. Hain zuzen ere, Poliziak bertan eraildako pertsonen senideen abokatu modura jardun zuen.