AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: GUET
2020/02/06 13:37

Gaurko, otsailak 6, egun osoko egitaraua antolatu du Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldeak. Lehenik eta behin, EHUn eta Hezkuntza Sailean azpikontratatutako garbitzaileek egin duten protestara batu dira GUETeko kideak, 11:00etan Lakuan (Araba), Unibertsitateko Indar Batasunarekin batera.

Eguerdian, hipersexualizazioaren inguruan arituko dira Gasteizko (Araba) Gizarte Langintza Fakultatean. Bertan, hipersexualizazioaren auzia jai ereduarekin eta biolentziarekin loturik aztertuko dute, emakume taldeak beharrezkotzat jo baitu "erasoen atzean dagoen oinarri materiala aztertzea".

Ondorengo orduetan bazkaria egingo dute Gasteizko Gaztetxean, eta bingo musikaturako tartea ere izango da jarraian. 17:00ak aldera, bertso saioa eskainiko dute hiru emakume bertsolarik: Maddi Sarasua baionarrak, Garazi Navarro amorotoarrak eta Lurdes Ondaro munitibartarrak.

Arratsaldean sartuta, 19:30ean oholtza gainera igoko dira emakume musikariz osatutako bi talde. Zumarragako (Gipuzkoa) Alter Egok emango du kontzertua lehenengo, eta gero, Iruñeko (Nafarroa) Leizeak taldearen txanda izango da. Gero, ekitaldia izango da GUETen eskutik, urte osoko lana forma artistikoan islatzeko. Azkenik, GUETeko kide ohia den Lilith Selektahren saioarekin amaituko dute egitaraua.

Garbitzaileekin bat

GUETek urteak daramatza unibertsitateko garbitzaileen borroka babesten eta indartzen. Unibertsitateko Indar Batasuna sortu zenetik, elkarlanean jardun dute sektoreko beharginei babesa adierazten; hainbat aldiz adierazi dutenez, "garbitzaileen gaia erabat lotuta baitago emakume langileon zapalkuntzarekin, hain zuzen, lan feminizatu gisara emakumeek egindako lanaren gutxiespen sozialagatik".