AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/02/17 14:08

Erasotzaileen inpunitatea borrokatu! Indarkeria matxistari aurre egin! lelopean, mobilizazio jendetsu bat izan da gaur eguerdian Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) Gasteizko (Araba) campusean. Izan ere, berriki atera dira argitara Filologia Hispanikoko irakasle batek hainbat urtez egindako eraso matxistak eta unibertsitateak horren aurrean erakutsitako pasibotasuna. Horrek haserrea sortu du ikasleen artean, eta Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldeak (GUET) deituta, hainbat asanblada egin zituzten Letren Fakultatean aurreko astean zehar. Horren emaitza izan da gaurko manifestazioa, fakultateko sarreratik abiatu dena 13:00ak igarota.

GUETeko kideek mobilizazioaren amaieran azaldu dutenez, irakaslea "behin betiko kanporatu" dezala exijitzen diote EHUri. Ikasleek emandako erantzun antolatuaren ondorioz, behin-behinean, irakasle erasotzailea unibertsitatetik baztertu behar izan du errektoretzak, baina ez da behin betiko kaleratze bat oraingoz. Emakume-taldeak nabarmendu du "borrokari eta presioari esker" lortu dutela neurri hori, eta ez "EHUren borondateari esker"; unibertsitateak aspaldi izan baitzuen irakasle horrek egindako erasoen berri.

GUETek zehaztu du, dena den, ez dela nahikoa behin-behineko kanporatzearekin. "Asko gara indarkeria matxistaren aurka antolatzen garenak eta mezu irmoa dugu: indarkeria matxistak ez du tokirik ez unibertsitatean ez beste inon ere", aldarrikatu du. Hala, ikasleek euren gain hartu dute "eraso horiei aurre egiteko ardura, baita berriz erasorik gerta ez dadin baldintzak eraikitzeko ardura ere, matxismoaren normalizazioari aurre eginez eta eraso ororen aurkako erantzun kolektiboa egituratuz".

Indarkeria eta ideia matxisten gorakada

Filologia Hispanikoko irakasleak egindako erasoak "ez dira kasu isolatu bat", GUETek azaldu duenez: "Gizartean izaten ari den indarkeria matxistaren eta berau betikotzen eta sostengatzen duten ideia matxisten gorakada eta normalizazio testuinguruan kokatu behar ditugu". Taldeko kideek seinalatu dute hezkuntza-zentroak ez direla "salbuespen", eta "argi geratu" dela "EHU bezalako instituzioek ikasleon ongizatea bermatzeko duten gaitasun eta borondate eza".

EHUko Berdintasun Batzordearen kasuan, zehaztu dute bi izan direla aipatutako irakasleak egindako erasoen berri izatean eman dituen erantzunak: "erasoak ezkutatzeko saiakerak", batetik, eta "indarkeria matxistaren aurrean antolatzen garenon erantzun kolektiboa apaltzeko saiakerak", bestetik.

EZ DAGO IRUZKINIK