AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Ikasleen asanblada Letren Fakultatean, atzo eguerdian.
2025/02/14 14:10

Beste lorpen bat ikasle-mugimenduarentzat: Filologia Hispanikoko irakasle erasotzailea behin-behinean baztertzea erabaki du Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU/UPV), ikasleak bere kanporatzea exijiteko antolatzen hasi direnean. Gasteizko (Araba) campuseko Letren Fakultatean ematen ditu eskolak irakasle horrek, eta badira hainbat urte lehenengo aldiz salatu zutenetik, ikasleei egindako eraso matxistengatik. Unibertsitatearen pasibotasunaren aurrean, baina, erasoak jasandako hainbat ikaslek berriz atera dute argitara jasandakoa, eta horren berri izan bezain pronto ekin dio antolatzeari Gasteizko Unibertsitateko Emakume Taldeak (GUET).

Azken egunetan, GUETek asanbladak antolatu ditu Letren Fakultatean, erasotzaile matxisten inpunitateari aurre egiteko eta EHUri irakasle erasotzailea kanpora dezala exijitzeko. Atzo agerraldi bat egin zuten ikasleek, eta mobilizazio deialdi baten berri eman zuten: hurrengo astelehenean egingo dute protesta, 13:00etan fakultateko sarreratik abiatuta. Horiek horrela, EHU behin-behineko erabaki bat hartzera behartu dute, eta irakaslea kanporatu du momentuz, "zer gertatu den argitu" arte, Berria-ren esanetan.

Honakoa da Gasteizko campuseko ikasleek, oso denbora laburrean, antolakuntzaren bitartez eskuratzen duten bigarren lorpena. Izan ere, orain dela gutxi jakin dute Farmaziako irakasle batek adierazpen faxistak egin dituela sare sozialen bidez, eta EHUri exijitu diote hura bota dezala. Unibertsitateak behin-behinean kanporatu du irakasle hori ere, eta zabalik da ikerketa.

EZ DAGO IRUZKINIK