Guardia Zibilak 2020ko irailaren 20an erail zuen Diego MartÃnez-Conde izeneko gazte bat, Manzanares el Real herrian (Madril). Eskizofrenia pairatzen zuen 26 urteko mutilak, eta agerraldi psikotiko bat jasan zuen goizaldeko 04:00ak aldera: Poliziak hil egin nahi zuela uste zuen. Herriko plazan zegoela, ondoko herri bateko bi guardia zibil bertaratu ziren lehenengo, baina, azkenerako, gutxienez hamabi agente joan ziren.
Agerraldi psikotikoa zela-eta, izuak hartu zuen Diego. Ihes egiten saiatu zen polizia-lerroa gaindituta eta kalezulo batzuetara sartuta. Atzetik jarraitu zion Poliziak, eta ihesaldian hil zuen agenteetako batek: tirokatu egin zuen, gutxienez bi aldiz jota. Odolustuta hil zen Diego.
Agente hiltzaileak 25 urte zituen une horretan. Bere hitzetan, gainera joan zitzaion mutila eta bi labana zituen; horregatik egin omen zuen tiro bere kontra. Esan du gaztea hanketan tirokatu zuela berak, eta bertan zegoen sarjentuak airera jaurti zituela hainbat tiro. Gertakariak argitzeko epaiketa, baina, une honetan ari da izaten, eta lekuko batek gezurtatu egin du Poliziaren bertsioa.
Hiru edo lau agenteren tiroak
El Diario komunikabideak jaso duenez, astearte honetan deklaratu du Manzanares el Realgo bizilagun batek, lekuko modura: 2020ko irailaren 20an gertatutakoa ikusi zuen bere etxeko balkoitik. Baieztatu du guardia zibilak bizkarretik egin ziola tiro Diegori, eta ez Poliziari aurrez aurre oldartu zitzaiolako.
Testiguaren esanetan, korrika ihes egin nahian ari zen gaztea, eta orduan tirokatu zuen agenteak. "Mutilari ez zion geratzeko denborarik ere eman", azaldu du lekukoak. Ohartarazi du, gainera, hiru edo lau guardia zibilek egin zutela tiro Diegoren kontra. Txosten baten arabera, 1,5 eta 2,5 metro arteko distantziatik tirokatu zuten Diego, eta albo-ibilbide bat egin zuten tiroek.
Tirokatu ondoren, polizia-autoarekin harrapatuta
Hori gutxi balitz, testiguak jakinarazi du modu kriminalean jardun zuela Guardia Zibilak Diego zauriturik zegoenean: polizia-autoarekin hartu zuten azpian, ibilgailua bere gorputzaren zati baten gainean jarrita. Modu horretan ekidin omen zuten zaurituak alde egitea.
Odolusten ari zen gaztea, baina, hala ere, 10 minutu igaro arte ez zioten kotxea gainetik kendu, eta orduan hasi ziren poliziak bera artatzen. Lekukoak kontatu du, bestalde, guardia zibilek Diego iraindu zutela, lurrean zegoenean.
Diegoren senideek lau urteko espetxe-zigorra eskatzen dute hiltzailearentzat, zuhurtziagabekeriazko homizidioa leporatuta. Fiskaltzak are zigor eskaera txikiagoa egin du beretzat: isun bat eskatu du. Estatuaren abokatutzak, berriz, absoluzioa exijitu du.
Astigarragako erailketa
Aurtengo maiatzean, agerraldi psikotiko bat izan zuen pertsona bat hil zen Astigarragan (Gipuzkoa), Ertzaintzaren esku-hartze bortitz batean. Poliziaren kolpeak jasan zituen aurpegian, saihets-hezurrak hautsi zizkioten eta taser pistolek utzitako markak zituen, besteak beste. Ertzaintzak sinetsarazi nahi izan zuen hildakoak "bere buruari eragin" zizkiola lesioak.