AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / El PeriĆ³dico
2024/08/26 19:49

Aurrerantzean, beste baliabide bortitz bat erabiltzeko aukera handiagoa izango du Guardia Zibilak: taser pistolak (PEI, gaztelerazko sigletan) banatzen ari dira hainbat lurraldetako polizia-agenteei, tartean, Nafarroakoei. Aurreko astean jakinarazi zuten pistola elektrikoen banaketa amaitutzat eman zutela Nafarroan, guardia zibilek arma horiek erabiltzeko "beharrezko formakuntza" jaso ostean, Poliziaren esanetan.

Itxura denez, zenbait komandantziak joan den maiatzean bukatu zituzten formakuntzak, eta orduan ekin zioten taser pistolak izateari eta kalera ateratzeari. Adibidez, Gaztela eta Leonen eta Gaztela-Mantxan izan zen hori. Bigarren aldi batean eman dute pauso berdina Nafarroan eta Alacanten, esaterako. Eta lurralde gehiagotara ere hedatuko du arma elektrikoaren erabilera Guardia Zibilak; hala nola, Sevillara eta Lleidara.

Guardia Zibilak duela bi urte inguru ekin zion taser pistolak izateari, orduan, mota horretako 150 arma eskuratu baitzituen. Ordutik, guardia zibilek etenik gabe eskatu dute pistola elektriko gehiago edukitzea, eta beste 240 eskuratu zituzten 2023an, antza. Arma horren hedapena aldarrikatzen jarraitzen dute gaur egun ere, eta Espainiako Barne Ministerioak iragan otsailean esan zuen 960 pistola elektriko erosiko zituela.

Taser pistolek abisu-deskarga bisual bat eragiten dute lehenengo. Horren ostean, 5 segundo inguruko deskarga elektriko bat sortzen dute, 50.000 voltiorainoko indarrarekin: armak sortutako bulkadek nerbio-seinaleak oztopatzen dituzte, eta ezgaitu egiten dute pistolaren bidez erasotua izan den pertsona. Teorian, irudiak grabatzeko gailu bat darama armak, martxan jartzen omen dena hura erabiltzen hastean.

Gero eta polizia-indar gehiago

Guardia Zibilaz gain, Hego Euskal Herrian adibidez, gero eta gehiago dira taser pistolak eskuratzen ari diren polizia-indarrak. Ertzaintzako BIZKOR unitateak 2017tik dauka eskuragarri arma hori, eta gero eta udaltzain gehiagotara ari dira horren erabilera zabaltzen.

Sestaoko (Bizkaia), Santurtziko (Bizkaia) edota Basauriko (Bizkaia) udaltzaingoek badituzte pistola elektrikoak jadanik, eta orain dela gutxi jakinarazi dute Barakaldoko (Bizkaia), Durangoko (Bizkaia) eta Trapagarango (Bizkaia) udaltzainek ere izango dutela baliabide hori. Badirudi, gainera, Gasteizen (Araba) ere aztertzen ari direla aukera hori.

EZ DAGO IRUZKINIK