AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Ronny Hartmann/AFP
2024/12/03 10:26

Milaka langile kaleratzeko eta soldatak jaisteko asmoa du Alemaniako Volkswagen enpresako zuzendaritzak. Plan horien kontra, grebara jo zuten atzo 60.000 langile inguruk, alegia, Alemaniako lantokietako beharginen erdiak baino gehiagok. IG Metall sindikatuak egin du greba-deialdia, eta gaur gaueko txandarekin batera amaituko da lanuztea.

Batean izan ezik, Alemaniako lantegi guztietan eragina izaten ari da greba. Atzo, gainera, mobilizazio handiak egin zituzten beharginek, kaleratzeen eta soldata-jaitsieren kontra protesta egiteko. Azaroaren 22an erabaki zuten mobilizazioei ekitea: "Beharrezkoa bada, Volkswagenek sekula ikusi duen negoziazio-borrokarik gogorrena izango da hau".

Zuzendaritzak murrizketak ezartzeko daukan asmoa dela-eta, arriskuan daude 120.000 langile inguru. Ia bederatzi hamarkadatan lehenengo aldiz, lantegiak ixteko asmoa erakutsi du: dituen hamar fabriketatik hiru jarri ditu jopuntuan oraingoz, eta milaka beharginek euren lanpostua galtzea ekarriko luke itxierak. Horretaz gain, milaka langileren soldatak %10 murrizteko aukera atera du mahaira zuzendaritzak.

Bi egunez luzatuko da une honetan martxan den lanuztea, baina negoziaketetan akordiorik ez bada, langileen protestak areagotzeko aukera egon daiteke. Momentuz, IG Metall sindikatuaren proposamenak atzera bota ditu enpresako zuzendaritzak. Besteak beste, enpresak "aurrezteko" neurri modura, beharginek 2025eko eta 2026ko hobariei uko egitea proposatu du sindikatuak.

EZ DAGO IRUZKINIK