Bilboko (Bizkaia) Oyal Tailer Elektrikoetako langileek astelehenean ekin zioten bost eguneko grebari, enpresak bi lankide kanporatu dituela salatzeko; hamabi behargin dira guztiak. Joan den maiatzean 54 egunez izan ziren greban ekoizpeneko langileak, haien lan-baldintzak hobetzeko borrokan. Horri esker lortu zuten baldintzak hobetzen zituen akordio bat enpresako zuzendaritzarekin; esaterako, Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) gainetik zeuden soldata-igoerak, %100eko aparteko ordainsariak, bajei lotutako hobekuntzak edota kategoria-igoerak lortu zituzten.
Gerora etorri da, ordea, enpresaren erantzuna: hiru langile berri kontratatu eta maiatzeko bi grebalari kanporatu ditu, "diziplina-arrazoiak" argudiatuta. Hala, "jazarpen sindikala" salatu dute beharginek, eta grebara jo dute berriz, kaleratutako bi langileak berriro kontratatu ditzatela exijitzeko. Bihar izango da aste honetako azkeneko lanuztea.