AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / ELA
2024/12/12 09:40

Uber garraio-enpresako Bizkaiko beharginak greban egongo dira urtarrilaren 6ra arte. Atzo ekin zioten 27 eguneko greba bati, euren lan-baldintzak hobetzea bermatuko duen itun bat exijitzeko. Gaur egun, ezarrita dagoen gutxieneko soldata jasotzen dute langileek, baina igoera baten alde ari dira borrokan. Enpresak, oraingoz, ez dauka soldata-igoera hori onartzeko borondaterik.

Beste hobekuntza batzuen alde ere ari dira borrokan Uberreko langileak: lanaldiaren neurketa erreala izan dadila, lanerako erabiltzen dituzten ibilgailuetako segurtasun-neurriak hobe ditzatela eta gaueko nahiz jaiegunetako lanorduei lotutako plusak ordain daitezela eskatzen dute, besteak beste. Ohartarazi dute, adibidez, hamabi ordutik gorako lanaldiak egin behar izaten dituztela, baina bezeroak garraiatzen igarotzen dituzten ordu zehatzak baino ez direla lanordutzat jotzen. Gainera, urteko 365 egunetan eta 24 orduz eskaintzen du zerbitzua enpresak.

Bizkaian, 250 behargin inguruk jarduten dute soldatapean Uberrentzat. 2017an hamazazpi besterik ez ziren, beraz, abiada bizian hazi da enpresa. Atzo protesta bat egin zuten langileek Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza aurrean, Bilbon (Bizkaia), ELA sindikatuak deituta. Duela urtebete iraungi zen lan-hitzarmena, eta berriaren negoziazioari blokeoa ken diezaiola exijitu diote enpresako zuzendaritzari. Izan ere, momentuz ez du borondaterik erakutsi beharginen eskaerak aintzat hartzeko.

Langileen ordezkarietako baten esanetan, joan den asteartean enpresarekin izandako bileran, zuzendaritzaren jarrera izan zen Bizkaiko beharginei leporatzea ez daudela "prest" Espainiako Estatuko beste plantilla batzuek dituzten lan-baldintzak onartzeko. Gutxieneko soldata mantentzea izan da Bizkaiko negoziaketan egin duen proposamen bakarra.

EZ DAGO IRUZKINIK