Greban daude Amurrioko (Araba), Bilboko (Bizkaia) Alde Zaharreko, Laudioko (Araba) eta Ugaoko (Bizkaia) BM supermerkatuetako langileak. Superberriak enpresak kudeatzen ditu saltoki horiek, eta zarratu egin nahi ditu; hala, horietan jarduten duten 70 langileak daude haien lanpostuak galtzeko arriskuan.
Enplegu-erregulazioko espedientea martxan jarri ez dezala eskatu diote zuzendaritzari sindikatuek, prozesuan idenfitikatu dituzten "irregulartasunei eta akatsei" azpimarra eginda. Enpresak, baina, erabakiari eutsi dio.
Horren aurrean, greba mugagabera deitu dute LAB eta CCOO sindikatuek, eta lanuzteak hasi dituzte lau dendetako langileek. Gaur egingo dute lehenengo mobilizazioa Bilboko saltokiaren aurrean, 12:30ean; arratsaldean, berriz, manifestazio bat izango da Laudioko dendatik abiatuta. Bihar, bestalde, elkarretaratze bat egingo dute Amurrioko supermerkatuaren parean.