Gipuzkoan, azpikontratatutako hiru enpresa arduratzen dira Amazonen banaketez, tartean, Smart Delivery Routes (SDR); Oiartzunen (Gipuzkoa) dauka egoitza. Enpresa horrek maiatzaren hasieran aurkeztu zuen enplegu-erregulazioko espediente bat, langile guztiak botatzeko asmoz: 61 banatzaile guztira. Beraz, euren lanpostuen defentsan, greba mugagabeari ekin diote SDR-ko beharginek.
Enpresako zuzendaritzak eta langileen ordezkariek joan den otsailean adostu zuten Gipuzkoako Merkantzien Garraioko itun sektoriala ezartzea, eta SDR-ko beharginen soldatak %38 igotzea ekarri zuen horrek. ELA sindikatuaren iritziz, horren aurrean Amazonek emandako erantzuna da oraingo kaleratze masiboa.
Nabarmendu du, bestalde, "azpikontratatutako enpresen sare" erraldoi baten bidez egiten dituela banaketak Amazonek, eta zalantzan jarri du hori legez kontra egiten ote den. Salaketa bat aurkeztu du Lan Ikuskaritzan.