AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/03/30 08:30

Tokian tokiko zentroetan, ordea, goizetik hasi dira grebara deitzeko ekintzak. Ikasleek piketeak egin dituzte hainbat ikastetxetan eta fakultatetan, eta errepide-mozketak ere izan dira zenbait lekutan; esaterako, Leioako (Bizkaia) campuseko sarreran eta Donostiako (Gipuzkoa) Ondarretan.

Beste egun batez, polizia-indarren presentzia ere handia izan da aurreneko ordutik. Gasteizko (Araba) campuseko Elurreta ixten ari ziren ikasleak indarrez kanporatu ditu Ertzaintzak, eta Bilbon (Bizkaia), berriz, ikasle bat atxilotu dute goizean goiz. Aske utzi dute jarraian. Ikasle ugari identifikatu dituzte, bestalde, Donostiako Ibaetako campusean, Leioako campusean, Tolosan (Gipuzkoa) zein Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Iru´ñean (Nafarroa).

Hezkuntza ere enpresarien menpe

"Hezkuntza sistema etengabe ari da eraldatzen, erreformatzen. Datorren ziklo ekonomikora egokitzeko ezinbestekoa da beretzat harreman ekonomiko berrietara egokitzea", adierazi dute IAko kideek mobilizazioen amaieran. "Aldaketa bakoitzak egoera orokor bati erantzuten dio: krisi kapitalistari", gaineratu dute.

"Bete-betean ari gara bizitzen erreforma garaia, elite ekonomikoek gidatua eta politikari profesionalek egikaritua"

"Bete-betean ari gara bizitzen erreforma garaia, elite ekonomikoek gidatua eta politikari profesionalek egikaritua", salatu dute: "Politikariek kudeatutako bankari eta enpresari handien menpeko hezkuntza sistema bat da gaur-gaurkoz daukaguna; ikasle langileok miseriara kondenatzen gaituena". Horren adibidetzat jo dituzte azken urteetako hezkuntza erreformak: Lanbide Heziketako Plana, LOSU, Unibertsitateko Bizikidetza Legea edota EAEko Hezkuntza Legea, esaterako.

Moldeak hezkuntzan

IAk nabarmendu duenez, beraz, elite ekonomikoen beharrek markatzen dituzte hezkuntzaren nondik norakoak, eta hamaika ondorio zuzen ditu horrek. "Gaitasun tekniko-digitalen irakaspena bermatu nahi da, ikasleen balioak lehiakortasunean eta ekintzailetza kapitalistan oinarrituko dira eta pentsamendu kritikoa garatzeko ezein aukera ezabatuko da", adibide modura azaldu duenez.

Eredu dualaren indartzea ere azpimarratu du: "Dualaren derrigorrezkotasuna ezarriko da lan-indar merkea sor dadin eta enpresek etekinak handitu ditzaten". Gainera, salatu du "etekin ekonomikoa bermatzen duten graduak bultzatzen" eta "bestelako graduak pixkanaka desintegratzen" ari direla unibertsitatean, berriz ere, enpresen beharren arabera. Unibertsitateko ikerketa-lerroetan nahiz gradu jakinen indartzean eta ahultzean dute eragina enpresariek, IAren esanetan: "Enpresen finantzazioa handitzea onartzen da, beraien esku gera daitezen ikerketa-lerroen aukeraketa nahiz graduetako kurrikuluma".

"Hezkuntza sistemak, langile klasearen eta ikasle langileen interesera dagoen tresna izatetik urrun, zuzen-zuzenean kolpatzen gaitu"

"Gure ikasketek eta lanak bateraezinak izaten jarraitzen dute; ebaluazio eta azterketa ereduengatik, matrikulen eta tasen prezioen gorakadarengatik, bai eta bete-betean kolpatu gaituen bizitzen garestitze orokortuaren eraginez ere", jarraitu dute seinalatzen IAko kideek. Hori gutxi balitz, berriz salatu dute ikasleen lan politikoa jazarria eta zigortua dela; besteak beste, ikasleek jasaten dituzten "ondorio akademikoen" bidez.

"Ondorioa garbia da: hezkuntza sistemak, langile klasearen eta ikasle langileen interesera dagoen tresna izatetik urrun, zuzen-zuzenean kolpatzen gaitu; ikasle langileok hezkuntza prozesutik indarrez kanporatuak izateraino" , biribildu dute.

Ikasle langileen antolakuntza parez pare

"Horregatik da gaurkoa greba eguna ikasle langileontzat", ekarri du gaurko egunera IAk: "Mobilizazioa eta antolakuntza izan ezean, dirudunek nahieran erabiliko gaituzte beren interesak asetzeko; gure eskubideak defendatu ezean, bortxaz ezabatuko dizkigutelako". Horregatik egin dio azpimarra "greba egun honen eta mobilizazioetan parte hartzearen garrantziari": "Gure eskubideen eta askatasun politikoen alde eta miseriara kondenatzen gaituen enpresari handien hezkuntzaren aurka mobilizatzeak adierazten du borroka egiteko prest gaudela".

"Gure eskubideen eta askatasun politikoen alde eta miseriara kondenatzen gaituen enpresari handien hezkuntzaren aurka mobilizatzeak adierazten du borroka egiteko prest gaudela"

Gaurko mobilizazioetara hainbeste ikasle batu izana, hain justu, "azken asteotan ikastetxez ikastetxe, lanbide heziketan eta unibertsitatean egindako lan konprometituaren eta antolakuntza gaitasunaren ondorio garbia" dela esan du IAk. "Poliki-poliki gorpuzten ari den indar antolatuaren erakusletzat" jo ditu gaurko mobilizazioak; "aldarri partzial eta osatugabeen ordez, hezkuntza sistema bera kolokan jarri eta hura gainditzeko bidean lanean jarraitzeko indarraren" erakusletzat, alegia.

Bide-orri oso bat, puntuz puntu

"Hezkuntza burgesa, egungo hezkuntza sistema kapitalista, gizabanakoen kontzientzia eratzen saiatzen da, ezarritako sistema aldaezina dela sinets dezagun. Paradoxikoa dirudien arren, ezjakintasunean hezten gaituzte, errealitatean parte-hartze aktiboa izan ez dezagun. Politikoki ezgaituak nahi gaituzte", ohartarazi du IAk. Horri lotuta aldarrikatu du beharrezkoa dela, "gaurdanik, ezagutza balioesten duen eta heziketa politikoa ardatz duen hezkuntza eredu" baten alde egitea.

Gaur egungo hezkuntza ereduan nagusitzen den autoritarismoari dagokionez, ikasleak "ondorio akademikoen eta jazarpenaren bitartez ezarritako arau irrazionalak obeditzera behartzen" dituztela gaitzetsi du, bai eta "kontrol sozial itogarria jasaten irakasten" dietela ere. Horregatik esan du funtsezkoa dela "gaurdanik, zigorraren, beldurraren eta mehatxuaren aurrean, eskubide politikoak defendatzen dituen hezkuntza eredua eraikitzea", "arrazionaltasunari men eginez autoritarismoari aurre egingo diona".

"Gaurdanik, zigorraren, beldurraren eta mehatxuaren aurrean, eskubide politikoak defendatzen dituen hezkuntza eredua eraiki behar dugu, arrazionaltasunari men eginez autoritarismoari aurre egingo diona"

"Egungo hezkuntza sistemaren helburua bizitzako arrakasta eta etorkizun oparoa direla sinetsarazten digute, baina miserian eta miseriarako hezten gaituzte, horretara kondenatzen gaituen gizarte kapitalista erreproduzitu bitartean", jarraitu dute xehatzen IAko kideek: "Horregatik, iraultzaren pedagogian oinarritzen den hezkuntzaren bidean lehen pausoak eman behar ditugu; gizartea eraldatzeko norabidean egongo den hezkuntza bat eraiki behar dugu". Modu horretan laburbildu eta zedarritu ditu IAk hezkuntzako erronka nagusietako batzuk.

Ikasleen lan politikoa, behin eta berriz jazarria

Gogoan izan ditu, bestalde, "ikasturte guztian zehar gertatu diren eta azken egunotan areagotu diren eraso guztiak, bai eta horren aurrean, beste behin ere, ikasle antolakuntzaren bitartez erakutsitako indarra eta determinazioa". IAk elkartasun osoa adierazi die, hortaz, "campusetan lan politikoa egiteagatik identifikatuak izan diren ikasleei, greba eskubidea debekatu dieten ikasleei, ikastetxeetan zuzendaritzaren mehatxupean daudenei, irakasleen jopuntuan daudenei, Gasteizen zigor diziplinarioak jaso dituztenei, Lizarran eta Iruñean kanporatu dituzten ikasleei, Goierriko ikastetxean identifikatuak izan direnei eta pasa den astean jazarria eta atxilotua izan zen ikasleari".

Antolakuntza eta heziketa politikoa

"Antolakuntza politiko iraultzailea ahuldu nahi duten bitartean, antolakuntza politiko iraultzailearen indarra gero eta handiagoa dela erakutsi dugu eta berau hedatzeko eta handitzeko lanean jarraituko dugu", esan dute ozen gaurkoan IAko kideek. "Guk argi daukagu langile klasearen interesak lehenetsiko dituen gizarte bat eraikitzea posible dela, bai eta prozesu horretan berebiziko garrantzia duten hezkuntza sistema eta heziketa eredu berri bat gorpuztea ere", gehitu dute.

"Antolakuntza politikoa da heziketa politikorako premisa"

"Antolakuntza politikoa da heziketa politikorako premisa. Antolakuntza politikoa da jazarpen poliziala, errepresioa eta askatasun politikoen urraketak borrokatzeko eta gainditzeko baldintza. Eta, bide horretan, ikasleok antolatzen eta indarrak batzen jarraituko dugu; guztion ongizatea gutxi batzuen interes ekonomikoei gainjarriko dien hezkuntza sistema sozialistaren alde borroka egiten", jakinarazi du antolakundeak.

EZ DAGO IRUZKINIK