AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/10/22 09:20

Auzitegi Goreneko Zigor Arloko Salak berretsi egin du bortxatzaile bati zigorra murriztuko diotela, hasieran ezarritako hamahiru urteetatik zortzi urte eta erdira, uste duelako 13 urteko biktimak helduagoa (16 urtetik gorakoa) eman zezakeela eta horrek bortxaketagatik jarritako zigorra arindu beharko lukeela.

33 urteko gizonezkoak 2023ko abuztuan bortxatu zuen bera baino 20 urte gazteagoa zen neska, Burlatako (Iruñerria, Nafarroa) festetan. Hasieran, hamahiru urteko espetxe-zigorra ezarri zioten erasoagatik, baina gerora, Nafarroako Auzitegi Nagusiak erabaki zuen zigorra jaitsi behar zitzaiola, biktima adingabeak zaharragoa zirudiela argudiatuta. Hori arrazoitzeko erabili dute erasotuarekin zihoan lagun batek 17 urte edukitzea, eta lekuko batek adierazi izana biktimak "20 bat urte" zituela. 

Arrazoi horiei helduta, bortxatzaileari zigorra murriztearen alde egin zuen Nafarroako Auzitegi Nagusiak, kasu honetan, 16 urtetik beherako pertsona bat bortxatzeagatik aplikatu beharreko larrigarria indargabetu behar zela defendatuz. Jarrera hori babestu du orain Auzitegi Gorenak.

Nafarroako Fiskaltzak, izatez, helegite bat prestatu zuen bere momentuan. Hala ere, Noticias de Navarra-ren arabera, Goreneko Fiskaltzak ez du azkenean helegiterik aurkeztu, auzitegiak hura atzera botako zuelakoan. Beraz, aurrera doa bortxatzailearen zigor-murrizketa. 

EZ DAGO IRUZKINIK