Urtero ateratzen du argitara txostena Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren indarkeria matxistarako behatokiak, eta atzo bertan jakinarazi zituen 2019. urteari dagozkion datuak. Behatokiaren esanetan, Hego Euskal Herrian %4,8 igo dira indarkeria matxistarekin lotuta emakumeek egindako salaketak. Iaz 7.888 salaketa izan ziren, eta 2018. urtean, 7.527. Hortaz, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, 10.000 emakumetik 54k jarri zuten salaketa bat aurreko urtean.
Atzo, martxoak 16, 33 urteko gizonezko bat eraman zuten atxilo Soraluzen (Gipuzkoa), haren ama hiltzea leporatuta. Atzo goizaldean topatu zuen 74 urteko emakumearen hilotza, aurpegian kolpe bat zuela. Duela sei egun, aldiz, bi emakume erail zituen gizonezko batek Abanto-Zierbenan (Bizkaia), lepoa moztuta. Hain zuzen, hiltzailearen bikotekidea eta haren alaba izan ziren hildakoak.