AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Txetxeniako soldaduak, Kadyrovek adierazi duenez, Ukrainan borroka egiteko prest. ARGAZKIA / Revista Ejércitos
2022/10/11 13:04

Joan den otsailean lehertu zen Ukrainako gerra, eta ordutik, mundu mailan mugitu dituzte piezak Ukrainak, Errusiak nahiz bestelako erakunde eta estatuek; besteak beste, NATOk (Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea), Europar Batasunak nahiz Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak eta horiek osatzen dituzten estatuek. Azken asteetako mugimenduekin are gehiago igo da tentsioa, eta mahai gainean daude agertoki berriak eragin ditzaketen hainbat eta hainbat pieza.

Gerrako tentsioa areagotu duten azken gertakariak izan dira, hain zuzen, joan den asteburuan Ukrainak Errusia eta Crimea lotzen dituen zubi estrategikoa —Crimeako zubia, Errusiaren eta Crimearen batasunaren sinbolo dena eta Errusiako Armadari hornidura ahalbidetzen diona— lehertu izana, eta, horren ondoren, Errusiak Ukrainan bonbardaketak egin izana. Ukrainako hainbat hiri bonbardatu ditu Errusiak, eta energiari lotutako azpiegiturei egin die eraso nagusiki; zibilen aurkako erasotzat jo dute Ukrainako autoritateek. Mugimendu horren ondorioz, dena den, Europar Batasunerako argindar esportazioak eten beharko ditu Ukrainak. Vladimir Putin Errusiako presidentearen esanetan, bestalde, Kurskeko zentral nuklearra hiru aldiz eraso dute berriki Ukrainako zerbitzu bereziek.

Aurreko astean, gainera, Europako Komunitate Politikoaren lehen goi-bilera egin zuten 43 herrialdetako agintariek, Errusiako eta Bielorrusiako ordezkaritzarik gabe. Errusiaren aurkako batasuna irudikatu nahi izan zuten horren bidez, nahiz eta "bakea berriz ezartzeko aukera" modura saldu zuten Europako Komunitate Politikoaren agerpena.

Inor ez dago geldirik

Horren aurretik, baina, izan dira mundu mailako beste hainbat esku-hartze azken asteetan. Irail bukaera aldera, esaterako, Ukrainari arma gehiago ematea eta Errusiari zigor gehiago ezartzea onartu zuten Europar Batasuna osatzen duten estatuetako Kanpo ministroek. Zigor horietako bat izango litzateke Errusiatik inportatutako petrolio kantitateari mugak jartzea. Gainera, baliteke Europar Batasunak are neurri potoloagoa hartzea abenduan, eta debekua jartzea Errusiatik gas-hodi bidez petrolioa inportatzeari.

Europar Batasunak testuinguru oso zehatz batean jakinarazi zuen Ukrainari emandako babesa mantenduko duela eta Errusiari zigor gehiago jarriko dizkiola. Errusiak mobilizazio militar masibo baten berri eman zuen berriki —ehunka milaka pertsona deitu ditu gerrara—, eta, gainera, hainbat erreferendum iragarri zituzten Ukrainak bere mugen barruan mantendu nahi dituen baina Errusiaren kontrolpean dauden hainbat lurraldetan; alegia, Donetsk eta Luganskeko errepublika federatuetan eta Jersón eta Zapiriyia lurraldeetan. Erreferendum horietan, Errusiaren parte izan nahi duten edo ez galdetu zieten herritarrei, eta Errusiarekiko anexioaren alde egin zuten ia boto-emaile guztiek.

Iraileko azken astean, eta tentsio-igoera horren erdian, zenbait akats topatu zituzten Nord Steam gasbideetan; alegia, gasa garraiatzeko Errusia eta Alemania lotzen dituen hoditerian. Hipotesi nagusien arabera, sabotaje-ekintzek eragin zituzten akats horiek, eta Putinek Amerikako Estatu Batuak eta, orokorrean, "herrialde anglosaxoiak" jo zituen erantzuletzat.

Testuinguru horretan, Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak eta horretan parte hartzen duten estatuek ere esku hartu dute: petrolio ekoizpena murriztea erabaki zuten aurreko astean.

Hori guztia, Errusia lurretik posizioak galtzen ari dela esaten duten etengabeko ahotsen artean gertatu da, bai eta arma nuklearren erabilera posiblearen danbor-hotsen artean ere. Izan ere, Errusiak Bélgorod izeneko urpeko ontzia mugitu duela zabaldu dute azkenaldian hainbat eta hainbat hedabidek, eta arma nuklearren agerpen posiblearekin lotu dute mugimendu hori.

IRUZKIN BAT
  1. M
    Mielotxin 2022/10/14

    2014ean lehertu zen gerra Ukranian, ez aurreko otsaliean.

    2014ean lehertu zen gerra Ukranian, ez aurreko otsaliean.