Israelgo Estatuak 40 milioi shekel (10 milioi euro inguru) inbertituko ditu Siria okupatuko Golango Gainetan okupazioa sendotzeko: kolono sionistak bideratuko ditu lur horietara. 1967an ekin zion Siriako lurralde estrategiko horren okupazioari, eta Nazio Batuen Erakundeak (NBE) 1974an izendatu zuen zona desmilitarizatu, Yom Kipurko gerra amaitu eta urtebetera. Sionistek, hala ere, 1981ean anexionatu zuten zonaldea.
Bashar al-Assaden gobernuaren erorketa baliatuta, Siriako Armada Arabiarraren (SAA) baliabide militarrak bonbardatu ditu armada sionistak, eta tropek 25 kilometro egin dute aurrera Siriako mugan, Golango Gainetan. Mugan inbasioa areagotzearekin batera, Siriari erasotzen jarraitzen dute sionistek: igandean, esaterako, Tartus eskualdean jo zuten erasora, Errusiaren base militarretako bat bertan egonik. Leherketa erraldoi bat eragin zuten operazioan, munizioa eta itsasontzi militarrak gordetzen baitziren Tartuseko basean.
Parlamentu sionistak, gainera, kolonoak Golango Gainetara mugitzeko egitasmoa onartu du, Netanyahuren hitzetan, Siriako "fronte berria" indartzeko. Gaur egun 31.000 sionista bizi dira eremu horretako kolonia ilegaletan, eta kopurua bikoizteko asmoa du gobernu sionistak. Zehazki, badirudi Katsrin kolonia haditzeko asmoa dutela. "Golango Gainak indartzeak Israelgo Estatua indartzea esan nahi du", azpimarratu du Netanyahuk, eta lurralde horretan "finkatzeko, garatzeko eta kolonizazioa zabaltzeko" asmoa adierazi du.