AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/03/14 08:53

Goierriko Kontseilu Sozialistak 2023ko martxoan jakinarazi zuen Zentro Sozialista bat ireki zuela Beasainen (Gipuzkoa), jardun politikoari eta sozialari bultzada bat emateko eskualdean. "Langile-klasearen aurkako ofentsiba bizi dugun honetan, proletalgoaren autodefentsarako tresna gehiago sortu eta indartu nahi ditugu Zentro Sozialistaren bidez", adierazi zuen, besteak beste.

Aurki beteko da urtebete ordutik, eta Kontseilu Sozialistako kideek gogorarazi dute "langileon antolakuntza independentea indartzeko espazio bat" izaten jarraitzen duela Beasaingo zentroak. "Laneko Autodefentsa Sareak eta Etxebizitza Sindikatuak euren jarduna aurrera eramateaz gain, kritikarako eta aisirako espazio ere izan da", xehatu dute.

Hurrengo asteburuan ospatuko dute Goierriko Zentro Sozialistaren aurreneko urteurrena, ostiralean (martxoaren 22a) zein larunbatean (martxoaren 23a). Ostiral arratsaldean ekingo diete urteurreneko ekimenei, zentroan bertan: 18:30ean hasita, "Langile Kontrolpeko Espazioen garrantziari" buruzko hitzaldi bat egingo dute.

Hurrengo egunean, larunbatean, eguerdian emango diote jarraipena egitarauari. Bermut girotua izango da 13:00etatik aurrera Ezkiaga auzoko frontoian, Manex Astigarraga eta Maria Blanco bakarrizketalariekin. Gero, 14:00etan, bazkaria eskainiko dute Zentro Sozialistan. Eguna biribiltzeko, pilota ikuskizun bat izango da, 17:00etan hasita.

Absoluzioa Zentro Sozialistaren kontrako epaiketan

Goierriko Kontseilu Sozialistak joan den urtarrilean azaldu zuen desalojo-arriskuan zegoela Beasainen kokatutako Zentro Sozialista. Sonepar enpresaren jabetzakoa da eraikina, eta hura husteko prozedurari ekin zion. Urtarrilaren 24an izan zen zentroaren aurkako epaiketa, Tolosan (Gipuzkoa): zazpi pertsona epaitu zituzten espazioaren birjabetzeagatik. Dena den, auzipetu guztiak absolbitzea erabaki zuen epaileak; beraz, behin-behinean, arriskutik kanpo dago Goierriko Zentro Sozialista.

EZ DAGO IRUZKINIK