AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/02/05 09:04

Goierriko Zentro Sozialista, behin-behinean, huste arriskutik kanpo dago. Hala jakinarazi zuen ostiralean Goierriko Kontseilu Sozialistak: atera da zentroaren kontrako epaiketako sententzia, eta aldekoa izan da. Absolbitu egin dituzte, hain justu, auzian epaitutako zazpi gazteak.

Kontseilu Sozialistako kideek gogorarazi dute Beasaingo (Gipuzkoa) espazio hori beharrezkoa dela bertako jardun politikoa aurrera eramateko. Horregatik jarraituko dute lanean, Zentro Sozialistaren "egonkortasunean pausoak emateko".

Joan den urtarrilaren 24an izan zen Goierriko Zentro Sozialistaren kontrako epaiketa, Tolosan (Gipuzkoa). Kontseilu Sozialistak eta Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak deituta, elkarretaratze bat izan zen epaitegi aurrean, Zentro Sozialisten defentsan. Aurreko asteetan, Sonepar enpresa seinalatzeko hainbat protesta-ekintza izan ziren Euskal Herri osoan barrena; bere jabetzakoa da Zentro Sozialista bilakatutako eraikina, eta hark ekin zion espazioa husteko prozedurari.

Iazko martxotik martxan

Goierriko Kontseilu Sozialistak aurreko urteko martxoan jakinarazi zuen Zentro Sozialista bat ireki zuela Beasainen. Ordutik, askotariko jardun politikoa eta soziala ahalbidetzen du tokiak: bertan indarkeria matxistaren aurkako bulego bat dauka martxan Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak, etxegabetzeen eta etxejabeen askotariko gehiegikerien aurkako babesa eta aholkularitza ematen ditu Goierriko Etxebizitza Sindikatuak, eta soldatapeko lanari lotutako arazoen kontrako babesa eta aholkularitza eskaintzen ditu Goierriko Laneko Autodefentsa Sareak, besteak beste. Gainera, aisialdi eskaintza, Mugimendu Sozialistak abiatutako dinamikak, hitzaldiak, tailerrak eta doako zerbitzuak ere izaten dira bertan.

Urtarrilaren hasieran azaldu zuten eskualdeko Kontseilu Sozialistak eta Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak huste arriskuan zegoela Goierriko Zentro Sozialista. Hura babestera deitu zuten eta, espazioaren defentsan, borroka hasi zuten elkarrekin.

EZ DAGO IRUZKINIK