AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/01/24 10:06

Azken asteetan, Euskal Herri osoan izan dira Zestoako (Gipuzkoa) Gaztetxearen aldeko elkartasun-keinuak: hala nola, askotariko propaganda-ekintzak, mobilizazio bat Donostian (Gipuzkoa) edota Euskal Herrian inoiz izan den apostasia kolektiborik handiena. Horiek guztiek exijentzia argi bat izan dute oinarrian: Zestoako Gaztetxearen defentsa, eta haren kontrako prozedura eta desalojoa eten ditzatela. Hainbat urtez Gaztetxea tokialdatzeko borrokan aritu ostean eta Zestoako Udalarekin (EH Bildu) nahiz Elizarekin izandako elkarrizketek porrot egin ostean, Zestoako Gazte Asanbladak iazko otsailean birjabetu zuen Elizondo eraikina izandakoa, Gaztetxea hara lekualdatzeko.

Elizaren jabetzakoa da eraikina, eta Gazte Asanbladak hamaika aldiz egin dio negoziatzeko deia: dena den, salaketarekin eta Gaztetxearen aurkako prozedura judizialarekin aurrera egitea erabaki du Gipuzkoako Gotzaindegiak. Beraz, huste arriskuan dago Zestoako Gaztetxea; zehazki, gaurko zegoen ezarrita haren kontrako epaiketa Azpeitian (Gipuzkoa). Zestoako bi gazte ari dira epaitzen bertan, eta ikaragarrizko isunak eta kalte-ordainak eskatzen dituzte haientzat.

Zalaparta protesta-ekintza baten harira, eta Gazte Asanbladaren adierazpenak

Aurreko asteburuan, Gaztetxearen aldeko ekintza bat izan zen Zestoako elizan. Hori dela-eta, aztoratu egin dira eliza-komunitatea, Gipuzkoako gotzaitegia, Zestoako udal gobernua nahiz hedabideak, eta seinalatu egin dute ekintza nahiz Zestoako Gazte Asanblada. Beraz, hitza hartzea erabaki dute gazteek, eta ondoko oharra argitaratu dute:

"Pasa den igandean Zestoako elizan egin zen protestaren ondoren, hedabideak, alderdi politiko instituzionalak zein sare sozialetako joera ezberdinetako profil eskuindarrak egiten ari diren kriminalizazio- eta manipulazio-kanpaina gaitzesteko idazten dugu prentsa ohar hau.

Balorazioarekin hasi aurretik, garbi utzi nahi dugu Gaztetxearen desalojoaren aurka egiten ari garen protestaldia ez dela ez Zestoako eliza-komunitatearen kontrakoa ez eta inolako fededunen kontrakoa ere. Izan ere, guk norbanakoaren erlijio-sinesmenaren askatasuna onartzen dugu eta inolako momentuan ez da inoren fedearen aurkako ekintzarik egin. Are gehiago, Gipuzkoako Gotzaindegiaren jarrera salatu nahi da, bera baita fedea instrumentalizatuz ehunka higiezinen jabe den espekulatzailea; bera da balore batzuekin predikatu eta balore horiek diru truke saltzen dituena. Argi uztearren: ekintza horrekin salatu nahi da Gazte Asanbladak herriari irekitako proiektu politikoa, soziala eta kulturala desalojatu nahi duela Elizak; nahiago duela espazioa hutsik utzi eta herriko bi gazte 70.000 € ingurura kondenatzea. Elizak denbora darama negoziaketak ukatzen eta eser dadin eskatu nahi izan da.

Atzo arratsaldean argitaratu zen Gipuzkoako Gotzaindegiaren gutuna. Bertan euren burua biktimizatu, eta esan bezala, Zestoako Gazte Asanblada kriminalizatu nahi izan dute. Biktima omen da zaurgarrien gupidaren eta elkartasunaren atzean milioika euro ezkutatzen duen instituzioa. Biktima omen da beste edozein instituzio politikok eta ekonomikok bezala, atzetik estatu-aparatu oso batek babesten duena. Eta gu, berriz, beraientzat gaiztoak, deabrua: gure eskubideak defendatzeko espaziorik gabe, gure ideiak zabaltzeko baliabiderik gabe, antolatzeko baliabide guztien pribatizazioaren aurka borroka egitera kondenatuak. Etikaz ere mintzo dira prentsa ohar honetan, guk irmo diogu ez dugula bere barnean adin txikikoen aurkako erasoak estaltzen dituen instituzio horrengandik lekzio moralik onartuko; inor etxerik gabe dagoen bitartean milaka etxebizitza, lur-eremu eta bestelako higiezinak hutsik mantentzen dituenarengandik lekzio etikorik onartuko.

Komunikabideek ere ez dute dudarik egin Elizaren interes ekonomikoak eta politikoak defendatzeko. Izan ere EITB, Telecinco, Diario Vasco, Noticias De Gipuzkoa eta abar luze batek, igandeko Zestoako gertakaria probestu nahi izan dute egoera nahasteko edota kriminalizatzeko. Orain arte ez da Zestoako Gaztetxearen auziaz inor gogoratu: elikagai biltegia, sektore zaurgarriekin lanketa eta ekimenak, dozenaka prentsa ohar, ekimen kulturalak, agerraldiak, protestak, herrian egindako 300 sinaduratik gorako sinadura-bilketa eta 700 apostasia eskaera bildu arren. Orain, ordea, urtebete baino gehiago daraman borroka luze baten ekintza isolatu bat hartu eta beraien mesedera manipulatzea erabaki dute. Eta hori ez da kasualitatea, beraien gogoan dagoena ez baita Zestoako eliza-komunitateak jaso lezakeen eragozpena; jopuntuan dagoena gazte antolatuen borroka da, jopuntuan gazteok borrokarako kudeatzen ditugun espazioak dira; finean, guztien helburua gazteak geure interesak defendatzeko balibiderik gabe uztea da.

Alderdi politiko ezberdinek ere parte hartu nahi izan dute zalaparta horretan; modu ezberdinetan baina EAJk, PPk eta EH Bilduk egin baitituzte euren adierazpenak. Salbuespenik gabe, denek salatu dute igandeko protesta eta guztiak bat datoz berdinean: ezer ez dugunok ezingo dugu inoiz ezer eduki, protesta inor gogaitzeko modukoa bihurtzen bada ez baita zilegia; berdin die protestaren arrazoiak, berdin dio salatzen ari zaren injustiziaren eragileak zurekin hitz egin nahi ez badu ere: isilik eta akritiko nahi gaituzte. Kasu honetan, okupazio ekintzak hasiera-hasieratik uzten du Gazte Asanbladaren ahotsa eztabaidatik kanpo, guztia egin behar baita Estatuaren barneko markoak errespetatuz, eta nola ez, eurek inposatutako bizikidetzaren terminoetan.

Azpimarra berezia egin behar dugu Zestoako EH Bilduren jarreran gainean, bera baita auzi honetako hirugarren protagonista. Zestoako alkateak une oro bere burua zuritzeko bitartekari rola hartu du, bera izanik arazoaren erantzule nagusietako bat; alkateak hitz eman baitzigun orain Gaztetxea dena Gazte Asanbladari emango ziola. Bere neultraltasuna, ordea, ezbaian dago igandeko ekintza salatu eta herriko bi gazteren aurkako epaiketaren aurrean txintik ere esan gabe geratu den bitartean. 70.000 euroko isuna jaso dezaketela gogoratu nahi dugu.

Bukatzeko, ohar hau gaurko epaiketarako deia egiteko aprobetxatu nahi dugu, Azpeitiko epaitegian goizeko 09:00etan egingo den kontzentraziora etortzeko.

Zestoako Gaztetxea aurrera!"

EZ DAGO IRUZKINIK