27 eta 36 urteko bi emakume atxilotu zituzten ostiralean Getxon (Bizkaia), beste hiru emakume prostituzioan aritzera behartzeagatik. Itxura denez, iazko irailean hasi zen esplotazio-sare horri buruzko ikerketa, eta proxenetek miseriazko baldintzetan zituzten biktimak: lortutako diruaren %50 eman behar zieten esplotatzaileei, 3,5 metro koadroko gela batean pilatuta bizi ziren, eta 24 orduz kontrolatzen zituzten, kontrol-kamera baten bidez. Egunean bi orduz baino ez zieten uzten etxetik irteten.
Prostituitzera behartzea, droga-trafikoan aritzea eta baimenik gabe farmakoak saltzea leporatzen diete bi atxilotuei, drogak eta erekzioaren disfuntzioari aurre egiteko substantziak ere saltzen baitzituzten. Hegoamerikarrak dira bai proxenetak bai biktimak.