Europako Batzordeak asteartean hitz egin zuen "Europar Batasunean eskala handiko gertakariak eta krisiak izateko arriskuaz", baita "hainbat estatu kideri eragiten dieten eraso armatuak izateko aukeraz" ere. El Mundo-k eta El País-ek aipatzen duten Batasuna Prestatzeko Estrategia-ren zirriborro baten arabera, "aukera errealista dago Europak eraso armatu baten aurrean dituen prestakuntza eta erresilientzia etorkizun hurbilean probatzeko".
Dokumentuak arrisku-faktore gisa aipatzen ditu "Ukrainako gatazka, estatuek babestutako eraso hibridoak eta zibernetikoak, azpiegitura kritikoei egindako sabotajeak eta atzerriko manipulazio informatiboa". Sauli Niinistö Finlandiako presidente ohiaren "gomendioak" ere jasotzen ditu txostenak, eta "erresilientzia zibila hobetzeko" neurriak planteatzen ditu.
Horien artean, "krisialdietan biztanleria gutxienez 72 orduz autosufizientea izateko beharra" nabarmentzen da. Biztanleek euren kabuz ura, elikagaiak edo sendagaiak eskuratzea sustatuko dute, estatuaren kanpo-laguntza jaso aurretik. Gainera, Europako Batzordeak konpromisoa hartu du "estatu kideei segurtasuna eta defentsa indartzen laguntzeko".
Bruselaren abisua ez dator bat herritarrek hainbat lurraldetan duten pertzepzioarekin, ez baita orokorrean gerra-egoerarik aurreikusten. Europako Parlamentuaren azken Eurobarometroaren arabera, Espainiako Estatuko biztanleen %20k soilik identifikatzen dituzte "segurtasuna eta defentsa" Europar Batasunaren lehentasun modura, Europako batez bestekoaren %36ren aldean.