Ugaritzen ari dira Europara emigratzera behartuta dauden pertsonak. Europar Batasunaren (EB) mugen kontrolaz arduratzen den Frontex agentziak eguneratutako datuek adierazten dutenez, 2.200 agenterekin migratzaile behartsuenak jazartzeaz arduratzen den erakunde horrek "legez kontrako sarreratzat" jotzen ditu, hain zuzen, EBren baimenik gabe muga horiek gurutzatzen saiatzen diren pertsonen mugimenduak. Urtarrila eta uztaila bitartean, gutxienez 155.090 lagun izan omen dira; % 86 gehiago, iazko zifrekin alderatuta.
Hazkunderik nabarmenena Mendebaldeko Balkanetako ibilbidean erregistratu dutela dio Frontexek. 2021eko lehen seihilekoan baino hiru bider gehiago izan dira migrazio saiakerak gune horretan. Hala ere, agentziaren ranking horrek modu arbitrarioan ebazten du zer den legez kanpoko sarrera bat eta zer ez, joera ideologiko nabarmenarekin gainera: Ukrainatik EBra ihes egin duten 7,2 milioi pertsonak ez ditu "legez kanpoko sarrerak" deritzon multzoan kokatzen, Ukraina EBko kide ez den arren. Parametro horien barruan, Frontexek "legez kanpoko 23.290 gurutzatze" erregistratu zituen ekainerako, iazko hilabete berdinean baino % 59 gehiago. Aldakuntza-indizea %86ra heldu zen uztailean, 2015 eta 2016 artean milaka lagunek Siriako gerratik ihes egin zutenetik ikusi gabeko markara.
Milaka lagun EBren mugetara bultzatuak dira astero Mendebaldeko Balkanetako ibilbidean. Zehatz mehatz, Bosnia eta Kroazia, Serbia eta Kroazia nahiz Hungaria eta Errumania banatzen dituzten mugak dira "puntu beroak". 2021ean baino hiru aldiz migrazio gehiago izan dira gune horietan: 70.770 pertsonak gurutzatu dituzte mugak; Afganistan, Siria, India, Bangladesh, Pakistan eta Iraketik etorriak gehienak. Europar Batzordeak El País egunkariari helarazitako txosten ezkutu baten arabera, Mendebaldeko Balkanetako immigrazioa "antzeko mailan ala handiagoan" mantenduko da udako gainontzeko egunetan. Izan ere, "nahiko altua" omen da muga zeharkatzeko aukeraren zain dauden pertsonen kopurua, bestelako ibilbideetan bezalaxe.
Itsas-migrazioa
Itsas ibilbideei dagokienez, Mediterraneo erdikoa izan da ohikoena. 42.549 pertsona lehorreratu dira Italiako eta Maltako kostetan; gehienak, Libiatik, Tunisiatik eta Aljeriatik iritsiak. %44ko igoera dakar horrek, 2021eko datuekin alderatuz gero. Jendez beteriko txalupa ugari zenbatu dituzte uda honetan: uztailaren lehen hamar egunetan soilik, 8.000 pertsona inguru lehorreratu ziren. Gainera, bada datu susmagarririk ere: Italiako portuetara iristen ari diren diren bost nazionalitate nagusien artean ez dago Saharaz azpiko inor; egiptoarrak eta bangladeshtarrak dira ugarienak.
Mediterrano ekialdean, %133ko gorakada izan da urteko lehen sei hilabeteetan: 22.601 pertsona iritsi ziren Greziara eta Ziprera, gutxienez. Frontexek eskainitako datuen arabera, Turkiako eta Greziako kostazainek 38.147 pertsona atxiki zituzten Egeo itsasoan, 2021ean baino %56 gehiago.
Espainiako Estatuan
Migrazio-ibilbide guztien artean, Espainiako Estatukoa da jaitsiera orokorra izan duen bakarra; eta ez da kasualitatea. Mendebaldeko Sahararen okupazioaren aurrean Marokoren alde erabat lerratu eta Aljeriarekin harremanak hoztearen ordainetan, migrazioaren auzian Madrilekin lankidetza areagotzea onartu du Rabatek. Hori gutxi balitz, EBk 500 milioi euro eman dizkio Marokori, Gibraltarko itsasartea zeharkatzen saiatzen diren pertsonei eutsi diezaien. Gaur-gaurkoz, Rabatek bere kostaldetik iberiar penintsulara edota Mendebaldeko Sahara okupatutik Kanaria uharteetara iristen saiatzen ziren pertsonen %25 atzematen ditu, iaz baino %6 gehiago.
Ondorioz, Espainiako Estaturanzko migrazio-ibilbideek dute Europako mapa osoko jaitsiera bakarra; 2021ean baino 16.000 lagun gutxiago (-%3,3), zehazki. Hori bai, joera orokorraren barruan bada ñabardura bat: Kanarietako ibilbidean 9.500 lagunetik gora izan dira, iaz baino %25 gehiago. Espainiako Estatuko mugen kontroleko iturri baten arabera, erritmo berean jarraituz gero, iazko krisi humanitarioaren erdian ikusi ziren 22.000 pertsonak gaindituko lirateke uharte horietan.
Migratzaileen artean dagoeneko hildako ugari eragin dituen presio polizial marokoarrak "emaitza hobeak" izan dituela uste du El País egunkariak. Rabatek herrialdearen iparraldean inguratzen ditu migratzaileak, eta ondorioz, 2019tik hona irteerak gero eta urriagoak dira eskualde hartan, Espainiako Estatura doan bide kontrolatu bakarra den heinean. Aljeriak, bere aldetik, Espainiako Estatuak Mendebaldeko Saharari buruzko auzian Marokori eman dion babesagatik haserre badago ere, bere emigratzaileak geldiarazten jarraitzen du. Hala, Mediterraneo mendebaldeko ibilbide osoak %21eko beherakada izan du, eta jaitsiera bakarra izan da. Hala ere, udazkeneko hilabeteak, baldintza meteorologikoak hobeak izanda, funtsezkoak izango dira Aljeriako zein Kanarietako ibilbiderako.
Faktoreak
Arriskuei buruz Frontexek idatzitako azken dokumentuaren arabera, migrazioaren areagotzearen atzean "hainbat arrazoi" leudeke. Batetik, "muturreko fenomeno meteorologikoak eta horien ondoriozko ingurumen degradazioa"; bigarrenik, "baliabideen urritasuna eta oinarrizko ondasunen sarbiderako gabezia"; hirugarrenik, "desberdintasun sozialak"; eta azkenik, "ezegonkotasun geopolitikoa eta EBren ateetan edo apur bat urrunago dauden huts egindako estatuak".