AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/05/15 10:44

Gutxieneko lan-baldintza batzuk bermatzeko asmoz ekin diote borrokari Lekeitioko (Bizkaia) Uribarren Abaroa egoitzako beharginek eta Lea-Artibaiko Laneko Autodefentsa Sareak. Agerraldi baten bidez salatu dituzte adineko pertsonentzako erresidentziako "lan-baldintza txarrak", eta horren aurrean antolatu direla jakinarazi dute.

Zaintza sektorean, orokorrean, lan-baldintzak miseriazkoak direla jarri dute testuinguruan: "estresa, lan-karga handiak, baliabide egokien falta edota kontratazio falta eguneroko ogia dira". Lekeitioko egoitzaren kasuan, gainera, "Uribarren Abaroa Fundazioak kontratatutako gerentziaren gestioak baldintza horiek are gehiago okertzen" ditu, langileen eta LASen esanetan.

Beharginen egunerokoa

"Besteak beste, laneko segurtasuna bermatzeko beharrezko materiala ez izatea, kontratazio faltaren ondoriozko lan-erritmo jasangaitzak, praktiketako pertsonala soldatapekoen funtzioak betetzen egotea, bajak eta eszedentziak betetzeko langilerik ez kontratatzea, egutegi aldaketak jakinarazteko lan-hitzarmenean zehaztutako denborak ez betetzea, kategoria altuagoko eginkizunak eta erantzukizunak bete behar izatea horiei dagokien lansaririk kobratu gabe, lan-hitzarmenean hitzartutako atsedenerako denbora ez errespetatzea eta abar". Horiek dira, besteak beste, Lekeitioko erresidentziako beharginen egunerokoaren parte diren gehiegikeriak.

Hori gutxi balitz, "gerentziaren aldetik ohikoak dira mehatxuak, presioak, langileon arteko etsaitasunak sortzeko saiakerak, xantaiak eta antzeko praktikak", agerraldian xehatu dutenez. Langileek eta LASek iritzi diote "gure eskubideak aldarrikatu ez ditzagun eta gure arteko saretzea eta antolakuntza saihesteko" egiten dizkietela eraso horiek gerenteek.

Horrek guztiak, baina, ez die langileei soilik eragiten: "zuzenean erresidentziako egoiliarrei ere eragiten die", beharginen arabera. "Baldintza horietan, ezinezkoa egiten zaigu kalitatezko zaintza-zerbitzu bat ematea", ohartarazi dute.

Instituzioen eta sindikatuen erantzukizuna

Bestalde, egoera horretan "instituzioek duten ardura" seinalatu dute agerraldian: "Lekeitioko udal ordezkariak, fundazioaren parte den neurrian, gerentziaren kontratazioaren eta, ondorioz, enpresaren gestioaren gaineko erantzukizun zuzena dauka". Salatu dute udalak "entzungor" egin diola "hainbat urtez luzatu den arazoari" eta ez duela inolako neurririk hartu egoitzako "lan-baldintza kaskarren aurrean". LASek eta erresidentziako langileek, beraz, udalari exijitu diote "dagokion erantzukizuna onartzea eta egoerari konponbidea ematea".

"Sindikatuek kasu honetan hartutako jarrera pasiboari" ere egin diote azpimarra, eta azaldu dute ez dutela eman "behar besteko aurrerapausorik lan-baldintzen hobekuntzara bidean". "Horregatik, langileok eta LASeko kideok sindikatuekiko independentziaz antolatu gara", diote.

Lau aldarri zehatz, eta protesta bat asteburuan

Uribarren Abaroako lan-baldintzak hobetzeko eta borrokatzeko bidean, lau aldarri konkretu egin dituzte LASek eta beharginek: langile gehiago kontratatzea, argudiatuta bestela ezin dela zerbitzu egokirik eskaini; egoitzan ustez indarrean dagoen lan-hitzarmena betetzea, "hainbat puntu sistematikoki urratzen" direlako; lan egiteko beharrezkoak diren "material eta baliabide egokiak ziurtatzea", eta "gerentziaren aldetik dagoen lan-jazarpena gelditzea".

Borrokara jo dutela azpimarratu dute, eta mobilizazio-deialdi baten berri eman dute jada. Larunbat honetan, hilaren 20an, elkarretaratze bat egingo dute Lekeitioko udaletxeko eskaileratan, 13:30ean. Bertaratzera deitu dute.

EZ DAGO IRUZKINIK