AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Ormaiztegiko gaztetxea
2019/06/26 11:43

Pasa den astean Ormaiztegi zein Goierriko hainbat gaztek 18 urte hutsik zeramatzan taberna bat birjabetu zuten, bertan gaztetxe berria gorpuzteko asmoz. Proiektuaren bidez "elkartasunean oinarrituko den kultura sustatzea" zuten helburu. Egunean bertan, ordea, Ertzaintzaren gutxienez lau patruila bertaratu ziren erakinera, eta epaileen baimenik ez izan arren, desalojatu egin zituzten gazteak.

Hala, gaztetxeko kideek mezu bat helarazi diete herritarrei. Bertan, espazioaren gaineko helburuen eta birjabetzearen zergatien inguruko azalpenak eman dituzte. Adierazi dute herriko gazteek "elkar harremantzeko eta proiektuak garatzeko" gune baten beharra dutela, egun, "taberna zuloa" baita harremantzeko daukaten espazio bakarra. Horren aurrean, "gure artean elkartzeko eta elkar babesteko" gunea sortu nahi dute gazteek, gaztetxearen bitartez.

Behar eta jardun hori aldarrikatzeko eta desalojoa salatzeko, elkarretaratzea deitu dute gaurko, 19:00etan herriko plazan.

Zergatik gaztetxea eta zergatik okupatua?

Gutunean galdera horri erantzun nahi izan diote gaztetxeko kideek, eta espazioa birjabetzeko hautuak oinarri dituen arrazoiak plazaratu dituzte. Batetik, lokal bat ordaintzeak "urteetarako hipotekatuko" lituzkeela azaldu dute; eta bestetik, udaletxeak espazio bat uzteak "jardunerako autonomia galera" ekarriko lukeela diote. Eztabaida "legalitatean baino, proiektuan" kokatzeko eskaera egin dute.

Birjabetzearen aurrean sortu diren hainbat gaizkiulertu ere aritu dituzte idatzian. Birjabetutako espazioa -18 urte hutsik daramatzana- soilik tabernari dagokiola diote: "Ez da, beraz, inoren etxebizitza ez erabilerarik aurreikusia zuen espazio bat".

Bestalde, nabarmendu dute "espazioa zaintzea eta egokitzea" dela euren asmoa, bertan euren proiektua aurrera eraman ahal izateko. Horretarako, "gune erosoa" sortu nahi izan dute, eta sartu zirenetik "garbiketa eta segurtasun egokitzapenak" egin dituzte.

Ezer ez amaitutzat

"Esan beharrik ez dago gaztetxe proiektu horrek gazteok batu eta motibatu gaituela, eta hasi garen ilusio berarekin jarraituko dugula lanean, herriko etorkizuna hobetzen". Hitz horiekin amaitzen da gaztetxeko kideen gutuna.

EZ DAGO IRUZKINIK