Aurreko larunbatean, Galdakaoko (Bizkaia) Gaztetxe berria argitara atera eta astebeteren ostean, espazioa hustu zuen Ertzaintzak. Eraikinaren jabe legalak aurkeztutako salaketa eta Gaztetxearen aurkako kautelazko desalojo-agindua tarteko, espazioa defendatzera deitu zuen Izetu Gazte Asanbladak, eta hainbat eta hainbat gazte zeuden Gaztetxean larunbat goizean. 09:30ean bertaratu zen Ertzaintza, eta polizia-lerroa ezarri ostean hasi zen espazioa babesten ari ziren pertsonak indarrez kanporatzen, banan-banan.
Ertzaintzak desalojoa gauzatu bezain pronto, kaleak hartu zituen protesta egitera hurbildutako jendeak, "Galdakaon Gaztetxea behar dugu" lelopean. Arratsalde horretarako, gainera, manifestazio bat antolatu zuen Izetu Gazte Asanbladak, eta ostiral arratsaldean egin bezala, ehunka gazte atera ziren kalera Galdakaoko Gaztetxearen alde. Borrokan segitzeko mezu argi bat eman zuen Izetuk: "Gaur Gaztetxea kendu digute, baina ez digute borrokarako grina zapuztu. Gazte Asanbladako kideak ez gara geldituko. Gaztetxearen aldeko borrokan jarraituko dugu Galdakaoko gazteon Gaztetxea lortu arte".

Gaztetxeak azken hilabeteetan eta azken astean izandako babesa
Asanbladak gogorarazi zuenez, apirilaren 12an Gaztetxearen irekieraren berri eman zutenetik, ehunka galdakozkar hurbildu ziren espazio berria ezagutzera; "auzolanetara, asanblada irekietara, egitarauetara... Eta demostratu dugu gazteon politizaziorako behar-beharrezkoa dela Gaztetxe eta Gazte Asanblada indartsu bat izatea herrian". Azken hilabeteetan Gaztetxe baten alde egindako lanarekin eta jasotako babesarekin, uste dute argi geratu dela "galdakoztarrok ahaztuta geneukan zerbait berriro izetu dela herrian", eta indarra hartu duela Gaztetxe baten premiak. "Aste honetako lanak zein gaurko desalojoak balio dezatela hemendik aurrerako Gaztetxearen aldarria inoiz baino indartsuago izateko", zioten asanbladako kideek.
"Urte luzez hutsik zeraman espazioari bizia ematera zetorren Gaztetxe proiektua, gazteon aterpe izango zena", azaldu zuten: "Gazteon aisialdia kontsumora bideratuta dagoen honetan, beste aisialdi-forma bat eskaintzera zetorren Gaztetxea, gure interes eta beharretara egokituta". Azpimarratu zuen, gainera, "Gaztetxeen proiektua eta Gaztetxeen arteko saretzea" ez liratekeela posible izango Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitatearen baliabiderik eta lanik gabe.
Instituzioak, epaileak eta poliziak
Desalojoaren ostean, Izetuk seinalatu zuen agerian geratu dela "zertarako gai diren instituzioak eta haien zerbitzura dauden epaile eta poliziak". Gogorarazi zuen Ertzaintzako 11 auto eta furgoi bat bertaratu zirela desalojoa indarrez gauzatzera, 40 bat gazte identifikatu zituztela, eta Poliziak komisariara eramandako materiala berreskuratzera joan zen pertsona denbora luzez izan zutela atxikirik. "Gezurrak erabili dituzte usurpazio-delitua ezartzeko", gaineratu zuten.
Salatu zuten, horrekin batera, Galdakaoko Udalak (EH Bildu) egindako urratsak ere "ez direla nahikoak gure proiektuaren defentsarako". Gazte Asanbladak aurrera begirako dei bat egin zion udalari, beraz: "Zein izango da zuen posizioa hemendik aurrera?".

Okupazioaren kontrako ofentsiba eta arriskuan dauden hamaika espazioak
Galdakoko kideek azpimarratu zuten "okupazioaren kontrako ofentsiba orokorrean" sartu behar dela bertan gertatutakoa. "Azken urteetan okupazioa kriminalizatzeko olatu handi bat bizitzen ari gara, kriminalizazio kulturaletik hasi, lege-proposamenetatik igarota eta desokupazio-enpresen areagotzeraino", xehatu zuten. Dena den, "zailtasunak zailtasun", azken urteetan "antolakuntza eta borrokaren bitartez lortu diren eta defendatu diren Gaztetxe guztiak" izan zituzten gogoan, erakutsi dutelako "antolatuz soilik dela posible" hori guztia. Horiek horrela, gaur egun arriskuan dauden hamaika espazioei erakutsi zieten elkartasuna: Zornotzako (Bizkaia) Matrailu Gaztetxea, Igorreko (Bizkaia) Kiñu Gaztetxea, Gernikako (Bizkaia) Gaztetxea, Arrigorriagako (Bizkaia) Gaztetxea eta abar. "Jarrai dezagun Gaztetxeen aldeko borrokan eta Gaztetxeen saretzea hauspotzen".